Estarta kooperatiba Danobaten integratu da

elgoibarren.net 2011ko urt. 19a, 13:53

 
Estarta eta Danobat kooperatibetako batzar nagusiek Estarta Danobaten sartzea erabaki dute, "merkatuan lehiatzeko duten ahalmena areagotzeko".

 
 

 Horrenbestez, enpresa integrazioaren prozesua ixten da, dimentsioa handitu eta merkatu globalean lehiarako ahalmena hobetzeko helburuarekin. Estartak artezteko makina zentrorik gabeak fabrikatzen ditu, eta 1996an sartu zen Danobat Taldean.
DanobatGroup hainbat markak osatutako taldea izatetik enpresa-taldea izatera igaro da, zeinean markarik ospetsuenak bultzatu diren, hau da, Danobat eta Soraluce. Homegeneizatzeko eta integratzeko ahalegin horri esker, orain DanobatGroupek ikuspegi bateratua helarazten die bezeroei eta merkatuari, eta, gainera, Makina-Erremintaren munduko ekoizle nagusien rankingean 30. postuan kokatu da, Mondragon Korporazioak zabaldutako informazioaren arabera.

 DanobatGroup Mondragon Korporazioko Makina-Erremintaren dibisioa da. Taldeak, oro har, 1.173 pertsona enplegatzen ditu, horietatik 197 atzerriko ekoizpen lantegietan: Newall UK Ingalaterran eta Overbeck eta Bimatec-Soraluce Alemanian. Horrez gain, ordezkaritza komertzialak dauzka Frantzia, Italia, Estatu Batu, Brasil, Txina, India eta Japonian. Taldearen produktu nagusiak hauek dira: artezteko makinak, tornuak, zerrak eta zulatzeko unitateak, fresatzeko zentroak, puntzonatzeko eta tolesteko makinak eta trenetarako ekipamendua.

 Mondragon Korporazioa lau arloren inguruan egituratzen da: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza, eta gaur egun lehenengo euskal enpresa taldea da, eta Espainiako hamargarrena. 2009an 15.000 milioi euro inguruko diru sarrerak lortu zituen, eta langile taldean batez beste 85.000 pertsona baino gehiago aritu ziren.