Eguzki plaken bitartez sortutako argindarra Iberdrolari salduko zaiola azaldu du Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak Elgoibar Zegama, Oñati eta Zarauzko alkateekin batera eman duen prentsaurrekoan. “Sortutako argindarrari dagokion zatia hilero ordainduko dio udalari Iberdrolak, eta udalak dagokion zatia ordainduko dio partikular bakoitzari. Kalkuluen arabera, batez besteko errentagarritasuna % 6koa izango da, eta horri kasu bakoitzeko zerga onurak erantsi beharko zaio (amortizatzeko askatasuna eta % 15eko murrizketa errenta aitorpena egiterakoan)”.
Foru diputatuak gaineratu du energia berriztagarrien proiektu honetan inbertitzea segurua, errentagarria eta gaur egungo aurreikuspeneko baliabideetan inbertitzearen parekoa dela. Horrekin lotuta adierazi du eraikin publiko zein pribatuetan eta industri pabiloietan eguzki panelak jarrita energia sortzeko sistema hori zabaltzeak “Gipuzkoan industria fotovoltaikoa sortzea bultzatuko duela, eta, ondorioz, jarduera, lanpostuak eta aberastasuna sortuko duela krisi larriko une hauetan”.
Ormazabalek adierazi du, halaber, Foru Aldundiaren ekimen hau bat datorrela Gipuzkoa eraginkortasun handiko eta CO2 isuri gutxiko ekonomia bihurtzeko eta kanpotik ekartzen ditugun erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko xedearekin.
•Informazio ekitaldiak
Elgoibarko Udalak eta Foru Aldundiak informazio ekitaldia antolatu dute interesa duen jendeari ekimenaren berri emateko, sistemaren bideragarritasun ekonomikoa eta parte hartzeko moduak azaltzeko, eta eragile ekonomikoentzat duen erakargarritasuna agertzeko, besteak beste. Martxoaren 8an (martitzena) izango da bilera hori, 19:00etan, Kultur Etxean. Bileretan Elgoibarko alkatea, Carlos Ormazabal diputatua eta Javier Zarraonandia ingurumeneko zuzendaria izango dira.
•Instalazioak abian daude
Lau herrietako instalazio fotovoltaikoak abian eta argindarra sortzen daude dagoeneko. Guztira 702 panel jarri dira, urtean 183.483 kw/h sortzeko adinakoak. Elgoibarkoak Mintxeta kirol gunean eta Herri Eskolan daude.
- Informazio osoagoa: 4.gipuzkoa.net
•Ezker abertzalearen hausnarketa
Gune publikoetan sortzen den energiaren pribatizazioa ezeren truke egitea harrigarria iruditu zaio Elgoibarko ezker abertzaleari eta halaxe salatu dute: “PNVren Udalak, itxuraz guztiz errentagarria den negozio bat, esku pribatuetan jarri nahi du, hau da, gune publikoetan sortzen den energiaren pribatizazio osoa egin, ezeren truke”. Euskal Herriko udalek finantzazioa lortzeko “arazo larriak” dituzten garaiotan, Elgoibarko Udalak horrelako aukerei probetxua atera beharko liokeela uste dute: “Energia garbien mundu honek hurrengo urteetan izango duen aurrerapena ikusiaz, hemen daukagu modu bat, Udalak dirua ateratzeko, eta energiaren zerbitzua, hein batean, erakunde publikoen menpe egoteko”.

- Informazio gehiago Elgoibarko ezker abertzalearen web gunean: herritarrak.com