“Made in Elgoibar” triziklo elektrikoa

elgoibarren.net 2011ko mar. 3a, 17:47

Datozen lau urteetan mugikortasun iraunkorreko laborategi bat izango da Elgoibar, orain gutxi aurreratu genizuen moduan. Proiektua aurkeztera etorri da Elgoibarrera Markel Olano diputatu nagusia. Pedalei eragiteko sistema lagundua duen triziklo prototipo berri bat (argazkikoaren antzerakoa) egiteko asmoa aurreratu du Olanok Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriarekin batera eman duen prentsaurrekoan. Meka ikastetxean egingo dute prototipoaren diseinua eta Elgoibarko enpresetan ekoitziko dute. (bideoa eta argazkiak dauzka)


 Salgaiak garraiatzeko ibilgailua diseinatu eta ekoiztea da pedalei eragiteko motordun laguntza duen triziklo berri bat egiteko proiektuaren helburua. Ohiko ibilgailuarekin alderatuta abantaila ugari dituen ibilgailua dela defendatu dute proiektuaren sustatzaileek: “Zarata nabarmen gutxitzen da, ia ez da gas kutsatzailerik igortzen, toki gutxiago behar dute hiri-gunean ibiltzeko eta leku zailetara irits daitezke”.
 Merkatuan badaude ezaugarriok dituzten trizikloak, goiko argazkian eta bideoan ageri dena kasu, baina Udaleko eta Foru Aldundiko adituek diseinuan eta ekoizpenean hobetu daitekeela uste dute, eta horretxegatik erabaki dute prototipo berri bat egiteko prozesua abiaraztea. “Frantzian egiten dute gaur egun merkatuan dagoen triziklo bakanetakoa, baina eskuz egiten dute. Guk prozesua industrializatu eta katean egin nahi ditugu, ahal bada Elgoibarko enpresetan", adierazi dute. Produktuaren diseinua ere ondu nahi dute. Salgaiak garraiatzeko kaxak eskaintzen dituen aukerak areagotzea izango da, besteak beste, Meka Albitxuriko ikasleek prototipoa diseinatzerakoan hobetu beharko dutena.


Lau ildo nagusi
Elgoibar mugikortasun laborategi bat bihurtzeko proiektuak, hasiera batean, lau ildo nagusi izango ditu: Autoa partekatzea; pertsona partikularrentzat zein enpresentzat, salgaien banaketa eta prototipo bat fabrikatzea. Asmo horretan elkarlanean dihardute Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak. Horiez gain, Elgoibarko nahiz Debabarrenako enpresa askoren lankidetza izango dutela azaldu dute proiektuaren aurkezpenean Markel Olanok eta Alfredo Etxeberriak. Ildo horretan, “irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortuko da, proiektua gestionatzeko”, aurreratu du Elgoibarko alkateak. Proiektuaren helburua da Elgoibar eta bere ingurua mugikortasun iraunkorreko laborategi bat bihurtzea, partikularrentzako nahiz enpresentzako garraio sistemak ezarriz, salgaien banakuntza iraunkorreko sistema bat gauzatuz, eta aurrez aipaturiko pedalei eragiteko motordun laguntza duen triziklo prototipo berri bat eginez.

Bederatzi ibilgailu elektroniko ekainerako
Udalak bederatzi auto elektriko eskatuta dituela jakinarazi du Alfredo Etxeberriak. Horietako bi herritarrek alokatu ahal zango dituzte carsharing deritzon sistemari esker, alegia, erabiltzaileek beharraren arabera eskatu eta epe labur baterako alokatu ahal izango dituzte. Ubitarten egokitu duten aparkalekuan egongo dira ibilgailuok, kargatu ahal izateko korronte hartuneak bertan baitaude. Aurrerago auto gehiago ekartzeko asmoa dutela azaldu du Etxeberriak, nahiz eta, "momentuz", bi ibilgailurekin egingo dute probaldia. Aurrerago bigarren aparkaleku bat Toletxen jartzeko asmoaren berri ere eman du.
  • Enpresentzako carsharing-a: Ibilgailu elektrikoak nahi dituzten enpresen konpromisoa ere badauka proiektu honek. Enpresako langile batek edo gehiagok, banaka edo taldeka, ibilgailu bat partekatuko dute libre dagoenean. Hala, enpresak, urtean gutxienez x kilometro egingo dituela hitz emango du. Udalak, bestalde, ibilgailuak jarriko ditu enpresaren esku; eta, enpresak, berriz, 0,30 euro kilometro bakoitzeko ordainduko dizkio proiektuari. Ibilgailuak erosteko aukera ere izango da, lau urteko renting-ari esker. Udalak lau ibilgailu enkargatu ditu Elgoibarko enpresen eskariei erantzunez.
  • Salgaien mugikortasuna eta banaketa: Elgoibarko erdigunean salgaiak eta mezuak banatuko dira furgoneta elektrikoak eta pedalei eragiteko sistema lagundua duten trizikloak erabilita. Kanpoko banatzaile handien eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduen arteko bitartekariak izango dira; baita herriko dendak, ostalaritza establezimenduak eta herriko zerbitzuak bezeroen etxeetara hurbilduko dituztenak ere. salgai guztiak lonja batean lagako dira -Udalak Sigma inguruan lokal bat erosi du-, eta ondoren, banatu egingo dira. Zerbitzu berriak sortu eta eskainiko dira gainera. Adibidez, merkataritza eta ostalaritza establezimenduek sortutako hondakin solidoak jasotzeko zerbitzua (kartoia eta beira). Hondakinak, ondoren, Elgoibarko Garbigunean utziko dira. Zerbitzu hau eskaintzeko ordutegi jakin bat egongo da, eta aurrez eskaera egin beharko da. Horrela, kartoia biltzeko lurpeko edukiontzietan gertatzen den arazorik larrienetako bat desagertuko litzateke. Zerbitzu hau eskaintzeko hiru ibilgailu elektriko eskatu ditu Udalak: motor bat eta bi furgoneta. Zerbitzua eskaintzeaz arduratuko diren lagunak ere hiru izango dira.

Eronka: Mugikortasun sistema eraginkortasunez kudeatzea
  Aurkezpenean Markel Olanok adierazi duenez, “Elgoibarko proiektuak jauzi handi bat egingo du Gipuzkoan mugikortasun iraunkorraren alde lantzen ari garen bidean. Gure lurraldean prest ditugu bide azpiegitura nagusiak; mugikortasun sistema eraginkortasunez kudeatzeko lana dator orain, adimenez egin behar duguna, eta, jakina, iraunkortasunaren ikuspegia aintzat hartuta”.
Elgoibar eredu
 “Erakundeetatik egin genezakeen ahalegina erabakigarria da, bai finantzaketa ziurtatzeko, bai zerbitzu erakargarriak sortzeko, herritarrek eta enpresek eguneroko zereginetan erabiltzeko modukoak izan daitezen. Gure laguntzak bat egiten du Elgoibarko eta inguruko enpresek erakutsi duten inplikazioarekin, proiektuan buru-belarri sartu baitira; horrela, guztion artean lortu behar dugu herritarrak ere partaide izatea, Elgoibar izan dadin eredu bat, bai Gipuzkoan, bai Euskadi osoan”.
Elgoibartar guztiei deia
  Bere aldetik, Alfredo Etxeberriak azpimarratu du oso garrantzizkoa dela ekimen hau eskualde honetan garatzea. “Gure inguruan pisu handia izan du aspaldidanik makina erremintak, baina, horrekin batera, erne gabiltza garapen teknologikoko berriekin zerikusia duen ororekin. Guztion esku dago proiektu hau ongi ateratzea; beraz, elgoibartar guztiei dei egiten diet, partaide izan daitezen. Arnas luzeko eginkizun eder bat dugu eta gure artean sistema berri bat sortzeko gauza bagara, beste eskualdeetara esportatzeko modukoa izango da”.
•Argazkiak:

1706639169371 “Made in Elgoibar” triziklo elektrikoa

1706639169455 “Made in Elgoibar” triziklo elektrikoa

1706639169532 “Made in Elgoibar” triziklo elektrikoa

1706639169620 “Made in Elgoibar” triziklo elektrikoa