Duela aste batzuk, Markel Olanok “elkarrizketan” izeneko ekimena hasi zuen, erakundeetako, hezkuntza alorreko eta enpresetako ordezkariekin bilerak, Gipuzkoako eskualdeen lehiakortasun mailei buruz, eta ahulgune nahiz indarguneei buruz, iritziak eta kezkak kontrastatzeko.
Orain arte, ia 150 eragilerekin elkartu da Goierri, Debagoiena, Tolosaldea eta Bidasoaldea eskualdeetako enpresa garrantzitsuenekin egindako bileretan; atzo (apirilak 4), Debabarrena eskualdearen txanda izan da, Elgoibarren, Makina Erremintaren Institutuan, egindako bileran. Debabarrena eskualdeko ordezkariekin egin zuen bilera, Gipuzkoaren lehiakortasuna, oro har, –eta bereziki, eskualde honena– aztertzeko.
Besteak beste, Gipuzkoaren lehiakortasuna hobetzeaz eta bultzatzeaz berak duen kezka helarazi nahi izan zien Diputatu Nagusiak IMHn batutakoei. Honela adierazi zien: “2007-2011 Kudeaketa Plana eta Krisiaren aurkako Plana gure tresnarik onenetakoak izan dira, baina nire ustez, zuen ekarpena, Debabarrenako egoera jakinaren berri inork baino hobeto dakizue-eta, hil edo bizikoa izan daiteke etorkizuneko Gipuzkoaren norabiderako”.
•Erreminta makina eskualdeko traktore
Olanok azpimarratu zuen erreminta makinak zona honetan duen garrantziak, eskualde traktore bihurtzen duela. Olanok esan zuen “oso ezarria dagoen sektorea da, oso dinamikoa eta Gipuzkoako industriaren ezinbesteko zati batekin lotua dagoena. Hori dela eta, etorkizunari begira, Aldundiak lau jarduera esparru lehenetsi ditu; esparru horietako hiru gorako bidean direnak –mugikortasuna, energia eta bioingeniaritza–, eta, laugarrena, klasikoagoa baina ezinbestekoa gure lurraldean –makina-erreminta–. Gure lana jakintza eta ikerketa uztartuko dituen esparruak sortze aldera bideratzen dugu, betiere enpresari begira. Ildo horretan, uste dut Makina Erremintaren Institutu honek eta Teknikerren gunea sortzeak, Eibarren, ekarpen handia ekarriko duela, eta inguruko enpresetan hurbiltasun eta lankidetza guneak sortzera animatzen dut”.
Halaber, Aldundiak kudeatzen duen Krisiaren aurkako 2011 Plana aipatu zuen Olanok, eta enpresen parte hartze handia azpimarratu zuen; hain zuzen ere 630 proiektutik gora aurkeztu dituzte, eta orain, aztertzen ari gara. Aldundiak laguntza emango dien proiektuen zerrenda apirilaren erdialdera argitaratuko da.
•Etorkizunerako zazpi ekimen
Bestalde, iraganean geldialdi luzeegia egin nahi izan gabe, Olanok aurreratu zuen zein erronkari erantzun beharko liokeen, bere iritziz, Foru Aldundiak, lehenbailehen, gertuko etorkizunari begira. “Zazpi ekimen zazpi erronkari erantzuteko, erronka horietan lehentasuna eman beharko baitzaie lehiakortasunaren aldeko ahalegin guztiei. Foru Aldunditik, esan du Olanok, Unibertsitatearen jakintza, teknologia zentroen ikerketa eta berrikuntza, eta orokorrean enpresaren, eta bereziki industriaren ekintza elkartzearen aldeko apustu garbia egin dugu”.
Dena den, zazpi ekintzekin jauzi kualitatibo bat eman nahi dugu lehiakortasun mailan, eta enpresei lagundu nahi diegu, aukera izan dezaten, enplegu gehiago eta kalitate hobekoa sortzeko. Horiek horrela, Olanok proposatzen du ekonomia sustatzeko eta enpresei laguntzeko departamentu berri bat sortzea.
Bigarren erronka da Gipuzkoako gizarte babeseko sistemaren finantzaketa bermatzea. Alkateei zuzendu zaie Olano, zera proposatuz: “hitzarmen bat lortzea erakunde guztien artean, foru aldundiek gizarte politikaren arloan dituzten eskumenak garatzeko baliabideak birbanatzeko”.