Txankakuaren XI. Ferian, elkarteko denden (Aurten 14 establezimenduk hartuko dute parte) produktuak ikusi eta erosteko aukera izango da Plaza Handian, 10:00etatik 14:00ak arte. “Egun honetan herritarrek ez daukate dendara sartu beharrik. Lasai ikusi dezakete bakoitzak saltzeko daukana, inon, barrura sartu beharrik izan gabe", adierazi du Sara Bernedok, elkarteko presidenteak. Merkatariek ez dituztela garairik onenak bizi adierazi du Bernedok eta merkatu txikiaren aldeko apustuak ahalegin bat eskatzen duela aitortu du. Alabaina, herritarrek ahalegin hori egin izana asko eskertzen dutela gaineratu du.
•Opariak eta zozketak
Opariak ere izango dira ferian. Irailaren 19tik 24ra bitartean, elkarteko edozein dendatan egindako erosketen tiketa gordeta duenak opari bat jasoko du, bihar, plazan bertan, zigilatutako erosketa tiketa aurkeztuta. Bukatu artean banatuko dituzte opariak.
Bestalde, irailaren 19tik 24ra bitartean elkarteko edozein dendatan edo ferian bertan erosketak egiten dituztenen artean erosketa baleak zotz egingo dituzte, 100 euroko sei sari hain zuzen ere. Zozketa eguerdiko 13:30etan izango da eta saria eskuratzeko, txartel sarituak eta jabeak plazan egon beharko dute zozketa egiten den unean.
Bestalde, iraileko nekazaritza eta abeltzaintza ferian (09:00etatik 14:00etara, Nafarroa plazan) herriko hainbat baserritako (Lizundia Txabola, Txillarre, Mintxeta, Arrasketa, Zabaleta, Mausitxa, Basueta eta Miriam Onaindia) produktuak eskuratzeko aukera izango da. Txosna ere egongo da Nafarroa plazan. Hilabete honetan Sanlo eskubaloi taldeko lagunak egongo dira barra atzean lanean. Elgoibarko baserri eta harategien produktuekin eginiko sahieski piper pintxoak eta txorizo pintxoakprestatuko dituzte. Azkenik, Kale kantariek girotuko dituzte herriko kaleak 12:00etatik aurrera.