Atzoko ekitaldian diploma jaso zuten enpresa eta erakundeek duela bi urte ekin zioten Kalitate Programa garatzeari. “Enpresen antolakuntza, barne kudeaketa eta bezeroen asebetetze maila hobetzea” dela programaren helburua adierazi dute sustatzaileek. Lau urteko iraupena du programak eta Eusko Jaurlaritza da arduraduna, Euskalit erakundearen bitartez. Programa kudeatzeaz, baina, Debegesa arduratzen da. Baita programan parte hartzen duten eskualdeko enpresa eta erakundeekin harreman zuzena izateaz eta aholkulari lana egiteaz ere.
Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin Programa, Kalitate Turistikoaren “Q” ziurtagiriarekin batera, turismoaren kalitatea bermatzeko Basquetour -Turismoaren Euskal Agentziaren bidez Eusko Jaurlaritzak abiatu duen estrategiaren barruan dago, euskal turismo-establezimenduak euren zerbitzuen kalitatea hobetzearen garrantziaz jabetu daitezen.
Guztira Euskadi osoko 326 enpresa turistikok jaso zuten, atzo, Kalitate Turistikoarekiko Konpromisoaren ziurtagiria.Horietako bat da Elgoibarko Txarriduna Hotela.
•Zerbitzuen kalitatean sakontzeko deialdi berria
Eskualdeko enpresatan lortutako “emaitza onak” ikusita, Debegesak deialdi berri bat egingo du laster, zerbitzuen kalitatean sakontzeko lanean hasi nahi duten enpresa turistikoei (jatetxe, ostatu, taberna, enpresa turistiko, museo eta oro har sektore turistikoarekin harremana duten enpresak) zuzenduta. Informazio gehiago jaso nahi duenak edota programan parte hartu nahi duenak, Debegesara dei dezake, 943 820 110 telefonora (Beatriz).