IK4-Ideko ‘High Speed Machining’ kongresuan izan da

elgoibarren.net 2012ko mar. 8a, 19:20

 
Aste honetan, atzo eta gaur, High Speed Machining kongresua burutu dute Donostian, eta Elgoibarko Ik4- Ideko zentro teknologikoa bertan izan da. Fabrikazio eta produkzio industrialeko teknologietan espezializatua da Ik4-Ideko, eta Elgoibarko zentro teknologikoak lau ponentzia eskaini ditu. Besteak beste, fabrikazio teknologien garapenean eman diren oinarrizko azken pausuak izan dituzte mintzagai.


 
 Honakoak dira, besteak beste fabrikazio teknologien garapenean Idekok erdietsi dituen lorpen esanguratsuenak: "Orma mehe eta erreminta oso lerdenekin ekoiztutako mikropiezen arazoari irtenbidea topatzea, konpromiso handiko egiturazko piezetan gainazaleko akatsak aurkitzea eta bibrazioen kontrol aktibo sistema bat garatzea; eta, teknologia aplikazioa zabaltzea.

 Artezketa prozesuan egonkortasunaren aurreikuspenak egiteko metodologia berri bat ere aurkeztu dute High Speed Machining kongresuan. Gaur egungo metodoekin alderatuta "abantaila handiak" dituen metodoa dela nabarmendu dute zentro teknologikoko arduradunek. Innovation in Machining izan da kongresuaren 9.edizioko leloa eta mintzagai nagusia. Donostiako Kursaalean egin den kongresua ikertzaile, aditu, enpresa fabrikatzaile eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresa eta bezeroentzako "ezinbesteko" hitzordua dela gaineratu dute Idekotik.