Tokiko garapena bultzatzeko 2,4 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

elgoibarren.net 2012ko api. 18a, 12:15

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Martin Garitano Ahaldun Nagusia buru, Debabarreneko enpresei zuzenduriko diru laguntzak aurkeztu zizkien atzo, IMHn, eskualdeko enpresetako zuzendariei eta arduradunei. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gaindituz egitasmoaren bitartez, lurraldeko enpresen eskura 20 milioi baino gehiago jarriko dituela aurten iragarri zuen Garitanok. Horietatik, 2,4 milioi euro eskualdeen garapenera bideratuko dira. 


 

Eskualdeko enpresariek arduradun politikoen eskutik jaso zuten diru laguntzen berri.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012rako enpresei laguntzeko onartu dituen egitasmo eta diru-laguntzen berri zuzenean emango die, datozen asteetan, enpresei (ikus aurkezpenen egutegia). Estreinako saioa Elgoibarko IMH ikastetxean egin zuten atzo (apirilak 17) eta bertan izan ziren Aldundiko arduradun nagusiak: Martin Garitano diputatu nagusia eta Jon Peli Uriguen, Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatua, besteak beste. Horiek, Gaindituz egitasmoan jasotako puntu garrantzitsuenak azaldu zizkieten eskualdeko enpresetako zuzendari eta arduradunei.
 Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak enpresei zuzentzen dizkien laguntza guztiak Gaindituz diru laguntza egitasmoaren baitan bildu ditu aurten, hau da, berrikuntza, internazionalizazioa, ekintzailetasuna, ikaskuntza, Zientzia eta Teknologia Sarea, IKTak, e.a.
Tokiko garapenaren garrantzia
  Martin Garitanoren esanetan, garbi geratu da orain arteko garapen ereduak “porrot” egin duela. Haren ustez beharrezkoa da krisitik ateratzeko bide berriak urratzea, eta horretan berebiziko garrantzia ematen dio tokiko garapenari. Krisitik ateratzea erronka handia dela, eta elkarlanean baino ez dela lortuko gaineratu zuen. “Eragile ezberdinen arteko elkarlanean, eskualdez eskualde, bakoitzaren ahulguneak eta indarguneak ondo aztertu behar dira, eta orain arte ez bezala plangintza bideragarriak egin behar ditugu. Orain artekoak krisian sakontzera eraman gaitu urtez urte, eta joera hori aldatzea premiazkoa da. Hori egiteko, 8 miloi euroko partidatik 6 milioi euro enpresei laguntzak ematera bideratuko dira, eta beste 2,4 milioi eskualdeen garapenera bideratuko dira”.

Bestelako eredu ekonomikoa
 

Jon Peli Uriguen (ezk), Martin Garitano eta Alfredo Etxeberria pentsakor aurkezpenean.

“Sistemak berak eragindako” krisi ekonomiko “bortitz” honetatik ateratzeko, bestelako eredu ekonomiko baten beharra aldarrikatu zuen Garitanok. “Eredu horrek ekonomia produktiboa, zentzuzko garapena, lanaren eta aberastasunaren banaketa, sektore publiko indartsua, tokian tokiko garapena eta, beraz, Gipuzkoako eskualde ezberdinen arteko oreka bilatu beharko ditu. Horrek aterako gaitu zulotik, eta horretara bideratu behar ditugu gure lanak eta inbertsioak. Eta hori elkarrekin egin behar dugu, egungo errealitatetik abiatuz, dugun ehun produktibo eta ekonomikoa galdu gabe, eta hobekuntzaren bideari gogor helduz”.

Laguntza programak
  Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako enpresei zuzendutako lau laguntza programa onartu berri ditu. Ekonomia Berraktibatzeko Plana: haren helburua krisi garai hauetan enpresen lehiakortasuna indartzea da, gazte kualifikatuen kontratazioa sustatuz eta produktu, prozesu eta makinaria berritzea sustatuz. Horrez gain, eta antolaketari dagokionez, langileen partaidetza sustatzen da.

Berankortasunaren Legea
 Berankortasunaren Legea ere hizpide izan zuen Ahaldun Nagusiak. “Enpresa txiki eta ertainekin izan ditugun harreman guztietan, behin eta berriz esan digute behar-beharrezkoa dela administrazioek indar egitea Berankortasunaren Legea bete beharraren gainean. Adegik berak esan digu, enpresak afiliatuek esan digute eskualdez eskualde aurten egin genituen bileretan, behar-beharrezkoa zela hori, kezka nagusietako bat zutela, gainera”.
 Gipuzkoan, Berankortasunaren Legea asko betetzen dela argitu zuen. “Ziurrenik, Estatuan ez da gure pareko lekurik horretan. Baina badira enpresa traktoreak lege horri batere jaramonik egiten ez diotenak, eta ez likidorik ez daukatelako, baizik eta zuzendari finantzarioei ordainketak 180 egunera egiteak (eta ez legeak ezartzen dituen 75 egunera) zirkulatzailea doan finantzatzeko aukera ematen dielako. Praktika horrek besotik dakar kostu finantzarioak hornitzaileei pasatzea, noiz eta erakunde finantzarioek dirurik uzten ez duten une honetan. Eta horrek enpresa txiki batzuentzat ixtea izan daiteke”.
 Honenbestez, Aldundiak laguntza programa guztietan eskatuko du urteko memoria aurkeztea. Bertan, legez hornitzaileei egin beharreko ordainketen epeak eta epe horiek betetzen diren edo ez agertu behar duenez, hori laguntzak emateko orduan baloratu egingo duten irizpidea izango da.