Enplegu Planaren aurkezpena egingo dute, gaur, IMHn

elgoibarren.net 2012ko api. 25a, 12:40

Langabezia murriztu eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko Elgoibarko Udalak abiatu duen hiru urterako Enplegu Planaren nondik norakoak azalduko dituzte, gaur (apirilak 25), IMHn egingo duten aurkezpen ekitaldian.

 
 Langabezia datuekin kezkatuta, hiru urterako Enplegu Plana jarri du martxan Elgoibarko Udalak hainbat enpresa, ikastetxe eta beste eragile batzuekin batera, langabe kopurua gutxitu eta herrian jarduera ekonomiko berriak sustatzeko asmoz. Enplegu aukerak aztertuko dituzte, eta lan merkatuaren beharren araberako prestakuntza eskainiko diete langabetuei. Izan ere, Elgoibarren lanik gabe dauden hamar lagunetik seik ez dute titulaziorik, eta horrek asko zailtzen die lana topatzea.
691 langabetu
 Gaur egun, eta Udalak emandako datuen arabera, 691 langabetu daude, eta horietatik erdia baino gehiago, 357, emakumeak dira. Portzentajetara eramanda, %12koa da langabezia tasa Elgoibarren, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko batez bestekoa baino apur bat apalagoa, baina kezkagarria, hala ere. Gaur, 15:00etatik 17:00etara bitartean, aurkeztuko dute enplegu plana, Makina erremintaren Institutuan dagoen Alberto Ortueta Areto Nagusian.

Aurkezpen ekitaldian parte hartzeko
 Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatearen aurkezpenarekin hasiko da Enplegu Planaren aurkezpena. Ondoren, Berrikuntzako, Turismoko eta Landa Garapeneko diputatu Jon Peli Uriguenek, AFMko zuzendari Xabier Ortuetak eta Alfa Taldeko presidente Jon Ander Buenetxeak lehiakortasunaren eta lankidetzaren esparru orokorrari buruzko azalpenak emango dituzte. Honenbestez, ekitaldira bertaratzen direnek enpresa txikien lehiakortasuna indartzeko sustatzen ari diren proiektuen berri jasoko dute zuzenean.
  Ekitaldian parte hartu nahi duten pertsonek 943 741050 telefono zenbakira deitu eta Elena Alonsorengatik galdetuz eman dezakete izena edo berdintasuna@elgoibar.net helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Enplegu plana
  Helburu orokorra langabezia murriztea da, baina hainbat adar ditu horrek: lan bila ari direnak prestatu, autoenplegua eta ekintzailetasuna sustatu, enplegu aukera berriak detektatu eta aprobetxatu, enplegua sortzen duten jarduerak sustatu, enpresen arteko elkarlana bultzatu eta enplegu politika orokorrak hemen bertako beharretara egokitu eta lana aurkitzeko zailtasunak dituztenei laguntzea.

1706638371477 Enplegu Planaren aurkezpena egingo dute, gaur, IMHn

Hori guztia gauzatzeko, Elgoibarko Udalak, Debegesak, Lanbidek, eta gainerako eragileek Enplegu Mahaia sortu dute. Eta Elgoibarko egoera sozioekonomikoaren eta lan merkatuaren gaineko diagnostiko bat egitea izango da mahai horren lehenengo egitekoa. Langabetuen perfila egin eta haien premiak zeintzuk diren aztertu eta eragile dinamizatzaileen eskaintza zein den aztertuko dute lehendabizi, eta behin diagnostiko hori eginda, enplegagarritasuna hobetzeko eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko ekintzak diseinatuko dituzte.
 Izan ere, Elgoibarren industria sektorearen pisua oso da garrantzitsua. Elgoibarren, industria sektoreak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba osoan baino hogei puntu gehiago suposatzen du batez beste. Zerbitzuetan jende gehiago ibili arren lanean, industriak baino balio gutxiago sortzen du sektore horrek.