Entsalada lehiaketa eta txerri pintxoak izango dira hil bukaerako ferian

elgoibarren.net 2012ko ira. 28a, 08:32

 
Bihar (irailak 29) egingo dute hilabeteko azken zapatuko feria, Udalak eta Debemenek antolatuta, eta hilabete honetako berrikuntza entsalada lehiaketa izango da. Bestalde, Lagun Taldea txirrindulari taldeak txerri pintxoak salduko ditu Kalebarren plazan.

 
 Gaztelekuko hogei taldek hartuko dute parte entsalada lehiaketan. Azokan bertan erositako produktuak erabili beharko dituzte entsaladak prestatzeko, eta irabazleek eskolarako materiala jasoko dute saritzat. Ekimen honen helburuak “gazteen artean bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta elikadura ohitura osasuntsuak bultzatzea” dira, antolatzaileen berbetan. 12:00etan hasiko da lehiaketa.

 Bestalde, ohikoa den moduan, ganadu erakusketa egingo dute Aita Agirre plazan, Kale Kantariak irtengo dira 12:00etan, eta Lagun Taldea txirrindulari taldeak txerri eta piper pintxoak salduko ditu Kalebarren plazan jarriko duten txosnan.