Erosketak 22:30ak arte egiteko aukera izango da gaur

elgoibarren.net 2012ko urr. 5a, 12:44

Dendak bizirik! ekimena antolatu du aurten Txankakuak, herriko dendetan erostea bultzatzeko helburuarekin. Ostalarien Elkartearekin elkarlanean antolatu zuten pintxo poteoarekin abiatu zen ekimena, atzo. Gaur, berriz, 22:30ak arte egongo dira zabalik Txankakua elkarteko bazkide diren dendak. Honez gain, musika eta dantza ikuskizunak antolatu dituzte gaurko. Eta, zapaturako, stock feria antolatu dute Lekuederren. (egitaraua dauka)


  "Dendariek, ostalariek eta herrian eskaintzen diren gainerako zerbitzuek Elgoibarri bizia ematen diotela erakutsi nahi dugu; elgoibartarrak jabetzea horiek guztiak gabe herria hila legokeela”, azaldu du Txankakua Elgoibarko Merkatari eta Zerbitzu Elkarteko arduradun Nerea Erkiagak. BARREN astekariaren azken alean (839. zenbakian) irakur dezakezue Nerea Erkiagari eginiko elkarrizketa (PDF).

1706638038387 Erosketak 22:30ak arte egiteko aukera izango da gaur

Batuka eta Zuhaitz Gurrutxagaren kontzertua
  Azken hamaika urtean egin izan den Txankakuaren feriaren ordez antolatu du aurten Dendak bizirik! ekimena Txankakuak. Herriko dendetan erostea bultzatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte urriaren 4, 5 eta 6 egunetarako. Hala, gaur (urriak 5), 19:00etan, kalejira egingo da trikitilariekin, eta 19:00etatik 22:00ak bitartean batuka talde bat ibiliko da kalez kalez. 20:15ean, berriz, Biraka dantza ikuskizuna ikusteko aukera izango da Kalegoen plazan. Dantzariek erosketa egun bat antzeztuko dute. Eguna bukatzeko, 23:00etan, Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarraren Vanpopel taldeak kontzertua eskainiko du Lekuederren.

Aurreko denboraldietako erropak, prezio merkeagoan
 Zapaturako, hilaren 6rako, stock feria antolatu dute Lekuederren, 10:30etik 14:30era. Aurreko denboraldietako erropak jarriko dituzte salgai, prezio merkeagoan. Pintxo poteoa ere izango da, eta gauean, 23:00etatik aurrera, DJ elgoibartar baten saioa izango da Maalan.