Sormena eta ekintzailetza sustatzeko helburuarekin sortu dute Berrigune

elgoibarren.net 2013ko urt. 29a, 13:58

 
Berrigune egitasmoa jarri dute abian Debegesak, IMHk eta AFMk elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Departamentuaren babesarekin. Sormena eta ekintzailetza sustatzeko doako topagunea izango dela aurreratu dute.

 
 

 Pertsona zein enpresetan dauden proiektu eta nahiei ibilbidea emateko helburua du Berrigunek,  IMHk, AFMk (Advanced Manufacturing Technologies) eta Debegesak elkarlanean martxan jarri duten egitasmoak. Hainbat arlotan eskainiko dutela laguntza azaldu dute, “bai aurrezpen energetikoan, nanomaterialetan, energia ekoizpenean, osasungintzan edo ekodiseinua bezalako arlotan”, zehaztu dute sustatzaileek.
Era berean, ekimen horretan kualifikazio handiko pertsonen, eta proiektu berriak dibertsifikatu edo sustatzeko enpresen arteko bilerak egingo dituztela jakinarazi dute. Lehen fasean bi bilera egingo dituzte eta, horietan,helburua gai zehatz bati buruzko negozio-ideiak antzematea izango da, ideia eta proiektu proposamenak partekatzeko, sormen erremintak erabiliz.
 Berrigunen parte hartzeko interesa duten pertsona zein enpresek otsailaren 7a baino lehen eman beharko dute izena. Honako telefono zenbakira deitu behar da: 943 744 132 (Leire Alberdi edo Eider Iriondo) edo imh[abildua]imh.es helbidera mezu bat idatzi.
22 enpresa sortzen lagundu du Debegesak 2012an
 Berrigunek ardatz dituen ekintzailetza eta sormenari lotuta, Debabarrenean 22 enpresa berri sortzen lagundu du Debegesa garapen agentziak 2012an, eta horietatik lau, Elgoibarren sortu dituzte. Jarduera ekonomiko horiek 33 lanpostu sortu dituzte eskualdean. Sektoreka begiratuta, 11 enpresa pertsonei zerbitzuak eskaintzen dizkietenak, beste bi ostalaritzakoak eta, azkena lehen sektoreko enpresa bat.
 Ekintzaile edo enpresa berrien sortzaileei dagokionez, 25 eta 35 urte bitarteko gazteak ziren %52, eta gehienak lanik gabe zeuden. Generoari erreparatuta, 2012an enpresa berri bat abian jarri dutenetik %64 emakumeak dira.
 Debegesatik esandakoaren arabera, azken bost urteetan sortu diren enpresetatik %83k jarraitzen dute lanean. Arduradunen esanetan, autoenplegua irtenbide ona da langabeziari aurre egiteko.