Krisiaren aurkako plana osatzeko ekarpenak jaso dituzte EAJko ordezkariek Elgoibarren

elgoibarren.net 2013ko ots. 19a, 14:51

Jeltzaleen Gipuzkoako batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak bilera egin dute Elgoibarko erreminta makinako elkartearen ordezkariekin. Era berean, Elgoibarko bi enpresa bisitatu dituzte EAJko ordezkariek. Enpresok eginiko azkeneko inbertsioak ikusteaz gain, krisiaren aurkako plana egiteko ideiak eta ekarpenak jaso dituzte.



 EAJren Gipuzkoa Buru Batzarrak lurraldean krisiaren aurkako plan bat “lehenbailehen” gauzatzeko, “oinarrizko dokumentua” plazaratu zuen urtarrilean. Ekonomia sustatzeko foru arau bihurtzeko asmoarekin aurkeztu zuten dokumentua jeltzaleek, Foru Aldundia krisiari aurre egiteko plana “egiteko behartzeko”. Plan hori, aurten onartu eta 2014ko aurrekontuetan gauzatzeko litzateke. Plana aurkeztu zutenean, GBBren presidente Joseba Egibarrek eta EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok iragarri zuten, oinarrizko dokumentua Gipuzkoako gizartearen eta ekonomiaren eragileei aurkeztuko zietela, iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Hala, testuinguru horretan ulertu behar da Olanok berak eta Alfredo Etxeberriak Elgoibarko erreminta makina alorreko ordezkariekin egin berri duten bilera.

 “Elgoibar buru dutela”, Debabarrena eskualdeko enpresen garrantzia azpimarratu du Olanok Elgoibarko enpresariekin batu ostean. Eta honakoa adierazi du: “Enpresetako ordezkariek eskatu digute, I+G+B sustatzearen eta enpresak nazioartera irtetearen alde egiteko eta enpresak laguntzeko zein produktuen merkaturatzea hobetzeko finantziazioa lortzeko”.
Enpresak krisiari egokitzeko beharra
  EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, ezinbestekoa da arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana, eta honela azaldu du: “Oso garrantzitsua da, ekonomia sustatzeko neurriak lehenbailehen hartzea. Ezin dugu industria baztertu, izan ere ekonomiaren eragile nagusia da, eta Elgoibarren horren jabe dira”.  Ildo berean, krisia ez dela egoeraren araberakoa esan du, aitzitik, enpresak krisiari egokitu behar zaizkiola argudiatu du.