Plan honek dituen helburuen artean, enplegu-aukerak sortzea eta eskualdeko jarduera ekonomikoa bultzatzea nabarmendu dituzte sustatzaileek.
Debabarreneko Enplegu Plana Lanbidek eginiko deialdiaren barruan kokatzen dela azaldu dute. Lehendabiziko fasean, 2012ko irailean hasitakoa, diagnostiko sozioekonomikoa eta eskualdeko lan-merkatuaren azterketa egin zen. Fase honetan, udal-ordezkariekin batera, udaletako langileria teknikoak, agente sozialek, ikastetxeek eta enpresa eta arlo ekonomikoan diharduten ordezkariek parte hartu zuten.
Fase hau amaitutakoan, proiektu konkretuak definitu dira, 2013an gauzatuko direnak. Hala nola, prestakuntza ikastaroak, kontratazioak eta autoenpleguaren sustatzea.
Planak, halaber, bi proiektu jasotzen ditu bereziki Eibarren ezartzeko (prestakuntza eta kontratazioa) eta beste proiektu bat Soraluzen garatzeko (prestakuntza), bi udalerri hauetan langabezia datuak altuak baitira.
Ekimenak 424.288 euroko kostua du guztira; %85 Lanbidek jarriko du, 360.645 euro, eta Udalek gainerako %15a, 63.643 euro.
•Langabezian dauden pertsonei zuzendutako ikastaroak
Debegesak emandako datuen arabera, Debabarreneko eskualdean langabezian daudenen %70a kualifikaziorik gabeko pertsonek osatzen dute, hau da, lehen mailako edo batxilergorainoko ikasketak dituzte. "Datuek agerian uzten dute prestakuntza hobetzeko beharra langabeziaren ondorioak gehien sufritzen dituztenengan, lan-aukerak handitze aldera". Hala, Debabarreneko Enplegu Planak bederatzi prestakuntza ikastaro espezializatu eskainiko ditu langabezian dauden 129 pertsonentzako. Ikastaroak apirila eta iraila bitartean egingo dira. Hautagaien aukeraketa Lanbidek egingo du.
Ikastaroak ondorengo hauek dira:
- Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. 18 plaza.
- Eraikuntza sektorean lan-esperientzia duten pertsonen prestakuntza. 15 plaza.
- Ibilgailu hibrido-elektrikoen interbentzioa. 12 plaza.
- Automatizazio industrialeko sistemen proiektuen garapena. 12 plaza.
- Nazioarteko merkataritzako prestakuntza teknikoa. 25 plaza.
- Animaliekin lagundutako interbentzioetan Teknikari eta Aditua. 10 plaza.
- Merkataritza sektorearen rekualifikazioa. 6 lagunen prestakuntza eta kontratazioa (Eibarko proiektua)
- Garapen tekniko-pertsonala eta gaitasun ekintzailearen garapena lan mundura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. 16 plaza. (Eibarko proiektua)
- Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa eta laguntza psikosoziala ematea. 15 plaza. (Soraluzeko proiektua)
•Gaitasun ekintzailea eta berrikuntza sustatzea
Ikastaroen gainera, Enplegu Planak autoenplegua eta enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatuko du.
Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, enpresa berrien sorrera bultzatzeko zerbitzua indartu egingo du, sektore estrategiko eta merkatu-hobi berrien arloan.
Informazio osoagoa: debegesa.com
∞Lotura duten albisteak: