Elgoibarko Swisslan enpresak 'Bai Industriari!' errekonozimendua jaso du Ekintzailearen Egunean

elgoibarren.net 2013ko mai. 29a, 20:23

 
Debegesak Ekintzailearen Eguna ospatu zuen atzo, maiatzak 28, Debabarreneko pertsona ekintzaileen lana eta esfortzua aitortzeko helburuarekin. Sarietako bat, 'Bai industriari!' errekonozimendua Elgoibarko Swisslan enpresak jaso zuen. Ondoko argazkian saritutako lau ekintzaileak.



  Sektore industrialean berrikuntzaren alde egiteagatik, sektore emergenteetan lan egiteagatik eta Debabarreneko beste enpresekin lankidetzan aritzeagatik jaso zuen Elgoibarko Swisslan enpresak 'Bai Industriari!' errekonozimendua. Enpresako sustatzaile Antton Osoro eta Anjel Ibarluzea ezin izan ziren sari banaketa ekitaldian egon, eta haien ordez enpresako langileetako batek jaso zuen errekonozimendua, Egoitz Plazak, Rural Kutxako Ekintzaileen Alorreko Arduradun Daniel Montoyaren eskutik.

  Enpresen Azokak eman zion hasiera 2013ko Ekintzailearen Egunari, atzo, Debegesaren egoitzan (Eibarren). Eskualdean sortu berri diren enpresek euren zerbitzu eta produktuak aurkezteko aukera izan zuten: Ane Campos Elkoro Dietista/Nutrizionista, KERALA Estetika Zentroa, Ekingune Debabarreneko ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenerako elkartea, 1964 Disenu Estudioa, Debanatura Natura eta kultura turismoa, XN Estudio Argazkilaritza eta diseinua eta Yan Arte Designing Janaria eramateko ontzien fabrikazioa eta salmenta.

  Ondoren, mahai-inguru bat antolatu zuen Debegesak. Debabarrenaren oraina eta etorkizuna hizpide hartuta aritu ziren eztabaidan mahaikideak. Eztabaida dinamizatzen Iker Izulain aritu zen,  Angel Arbonies & Asociados-eko Estrategia eta Berrikuntza aholkularia. Eztabaidari hasiera emateko galdera bat jarri da mahai gainean: “Bizirik al dago espiritu ekintzailea Debabarrenean?”.

  Eskualdeko hainbat gonbidatu aritu ziren hizlari: Jose Manuel Salbide, MCC Taldean zuzendaritza postuetan ibilbide profesional luzeko gizona eta gaur egun Debegesako Mentoring programako kidea, Eneko Astigarraga, kudeatzailea Codesyntax enpresan, Ibone Arretxe “Berreibar” ekimeneko kidea, Iker Aldabaldetreku, Hadimek enpresako zuzendaria, Ibon Muguruza, Ekingune ekimeneko ordezkaria, Miguel Loitxate, bidaia-blogaria eta Raul Cestafe, “Zona 10” merkatarien elkarteko kidea (Eibar).

Mahai ingurua amaitutakoan banatu zituzten "Debabarrena Ekinean!" eta "Bai Industriari!" errekonozimenduak.