IK4-Ideko Zentro Teknologikoa saritu dute Makina-Erremintaren XIX. Biltzarrean

elgoibarren.net 2013ko eka. 18a, 15:43

Ponentzia onenaren saria eman zioten Elgoibarko IK4-Idekori, ekainaren 12tik 14ra, Donostian egin zuten Makina-Erremintaren eta Fabrikazio Teknologien 19. Biltzarrean. Elgoibarren dagoen Zentro Teknologikoak “Makina-Erremintan pieza gordinen lerrokatze automatizaturako 3D ikuspegi integratua” izeneko ponentziagatik jaso zuen saria.



 Idekoko arduradunek azaldutakoaren arabera, Makina-Erremintaren eta Fabrikazio Teknologien 19. Biltzarrean saritua izan zen ponentziak, “irtenbide berri bat” ematen dio aeronautika, tren, haize, galdaragintza eta makina-erreminta sektoreetan ohikoa den arazo bati. “Tamaina handiko piezak mekanizatzean, pieza gordina lerrokatzeko prozesu luzea eskatzen du, fidagarritasun eskaera (kostua) handiarekin eta mekanizazio prozesua bera baino handiagoa izan daitekeen denborarekin”. IK4-Idekoren wegunean irakur ditzakezue saritutako ponentziari buruzko xehetasun guztiak.

  IK4-Idekok proposatzen duen sistema berriarekin, honako hauek dira lortu diren onura nagusienak: “denbora murriztea; ahokatze prozesuan %70 eta lerrokatze prozesuan %60, kalitate ezaren kostua murriztea, laneko segurtasuna gehitzea, espazioaren malgutasuna eta erabilgarritasuna eta langileak duen trebetasunarengandik independentea izatea, lerrokatze eta ahokatze automatikoen algoritmoak eta irizpideak dituelako”.

 IK4-Ideko Zentro Teknologikoko Ikuskapen eta Neurketa lerroko kudeatzaile den Alberto Menditutek jaso zuen ikerketa erakundeen artean aurkeztutako ponentzia onenaren saria, Donostiako alkate Juan Carlos Izagirreren eskutik. (goiko argazkian sarituak eta antolatzaileak elkarrekin).