Elgoibar.klikbat.com: ostalarien eta merkatarien eskaintzarik onenen erakusleiho birtuala

elgoibarren.net 2013ko ira. 25a, 11:15

 
Urriaren 7tik aurrera Elgoibarko merkataritzaren eta ostalaritzaren eskaintzarik onenak lortzeko aukera izango da sarean, elgoibar.klikbat.com webgunean, hain zuzen ere. Elgoibarko Udalak sustatu du egitasmoa, Zeuxa enpresarekin elkarlanean, eta esperientzia pilotu gisa planteatu dute, ondo irteten bada beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa baitute.



 Elgoibarko ostalaritza eta merkataritza bultzatzeko asmoarekin sortu eta finantzatu du Udalak http://elgoibar.klikbat.com plataforma Interneten. Herriko merkatariek eta ostalariek dituzten eskaintza bereziak herritarrengana heltzeko aukera ematen duen erakusleiho birtuala izango da.

  Eskaintzetan oinarritutako guneak ugariak dira sarean, baina Udalak sustatu duenak ezaugarri bereziak dituela azaldu du Zeuxa enpresako Josu Ansolak. “Gure plataforman produktuak erosi edo zerbitzuak kontratatzen dituztenek ez dute erositakoa etxean jasoko. Aitzitik, produktua jasotzera dendara bertara joan beharko dute”. Bezeroa eta saltzailearen arteko harreman modu hori mantendu nahi izan dute. Era berean, modu erraz eta azkar batean erabiltzeko moduko plataforma sortu dutela gaineratu du. Komertzio bakoitzak bere espazioa izango du Elgoibar.klikbat.com webgunean eta eurena izango da webgune barruan daukaten espazioa kudeatzeko ardura. Eurek aukeratuko dute nabarmendu nahi dituzten eskaintzak zein diren eta eurena izango da argazkiak, prezioak eta deskribapenak jartzeko ardura.

Opariak izena emateagatik
  Eskaintzak ikustera webgunera sartu nahi duten herritarrek, berriz, alta eman behar dute. Datorren urriaren 7tik aurrera izango dute izena emateko aukera, egun horretan aktibatuko dute-eta webgunea. “Behin izena emanda, produktu bat erosi edo zerbitzu bat aukeratzeko erreserba egiten dutenean, zapatila batzuk edo ilea mozteko eskaintza bat, esaterako, kode bat jasoko dute erosleak zein saltzaileak. Kode hori jaso ostean, 48 orduko epea izango du erosleak produktua jasotzera dendara joateko edo kontratatutako zerbitzua baieztatzeko”, azaldu du Ansolak funtzionamenduaren gainean. Era berean, herritarrak izena ematera erakartzeko asmoz, 100 euroko bono bat zozketatuko da inskribatutako lehenengo 100 pertsonen artean. Webguneko eskaintzetan gastatzeko izango da.

  Dagoeneko 21 dendari eta profesionalek egin dute bat ekimenarekin eta beste zortzik batzeko edo informazioa jasotzeko interesa erakutsi dute. Interesa daukaten dendari, ostalari eta profesionalek webgune honetan parte hartzeko aukera daukate oraindik; Elgoibarko Udalera deitu eta Miriam Monterorekin harremanetan jarriz 943 741 050 telefono zenbakian.

Zapatuan kalean emango dute ezagutzera egitasmoa
  Elgoibarko ostalarien eta merkatarien eskaintzak modu bateratuan ikusteko aukera eskaintzeaz gainera, Internet erabiltzeko ohiturarik ez dutenei euren produktuen publizitatea egiteko beste modu bat ematen duela webguneak azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Horrez gain, webgunera sartzen diren bezeroen soslaiak egiteko aukera ere nabarmendu du.
Datorren zapatuan, hilaren 28an egingo den hil bukaerako ferian emango dute ezagutzera egitasmoa. “Irrien Lagunak etorriko dira globoak eta informazioa banatzera, kale animazioa egongo da eta dendetan ere iragarriko dute webgunea”.