Lankidetzan 50 urte egin dituztela ospatu dute Uncetak eta Mitutoyok

elgoibarren.net 2013ko urr. 23a, 13:33

Euskal Herriko enpresa zaharrenenetarikoa da Unceta: 1874. urtean sortu zuen Juan Pedro Uncetak Eibarren, eta 1989an ekarri zuten enpresa Elgoibarrera. Era berean, Unceta enpresa taldeak eta Japoniako Mitutoyo enpresak duten harremana ere aspalditik dator, duela 50 urte hasi zuten-eta bien arteko lankidetza. Elkarlanean orain arte egin duten bidea ospatu zuten bateko zein besteko agintariek joan den astean.


 Gregorio Uncetak eta Toshi Numatak 1963an sinatu zuten aurreneko merkataritza hitzarmena. Harrezgero lankidetzan jarraitu dute Unceta enpresa taldeak eta Mitutoyok. Aurten bete dira, hain justu ere, enpresa bien arteko lankidetza hasi zutela 50 urte. Eta, urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten azaroaren 16an. Etxe barruko ekitaldia izan zen.
  Japoniako enpresaren izenean, Mitutoyo Europako presidente Harumi Aoki, exportazio saileko zuzendari Akito Iwakiri, eta komertzialen zuzendaria den Norbert Keilek hartu zuten parte ekitaldian. Unceta enpresa taldearen izenean, berriz, akzionista guztiak bildu ziren ekitaldian, Uncetako presidente Ricardo Garate buru zutela. Agintariei dagokionez, Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritza kanpo harremanetarako zuzendaria eta Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak parte hartu zuten ekitaldian. Enpresa eta hezkuntza munduko ordezkariak ere izan ziren. Adegitik, presidentea, Pello Guibelalde, eta idazkari nagusia, Jose Miguel Ayerza. IMHko zuzendari Joxean Egañak ere parte hartu zuen urteurrena ospatzeko ekitaldian.

50 urteko lankidetzaren oroigarria.

Sarikira eginiko bisitako argazkia.

 Bi erakunde korporatiboen arteko harremanaren errepasoa egin zuten, eta etorkizuneko estrategiak aurkeztu zituzten. Enpresaren atari aurrean zuhaitz bat ere landatu zuten eta, haren ondoan plaka bat jarri zuten urteurrenaren oroigarri gisa. Josean Larrea Sarikiko zuzendaria, Ricardo Garate Grupo Uncetako presidentea, Harumi Aoki Mitutoyo Europako presidentea, Pablo Garate Uncetako CEOa eta Pedro Unceta akzionista ikus daitezke goiko argazkian.
 Ondoren, Unceta enpresa taldeko hiru enpresak (Metrologia Sariki, Labmetro eta Unceta) bisitatu zituzten ekitaldira bildutakoek. Enpresotan garatu dituzten azken aurrerapen teknologikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste, Mitutoyok dauzkan hiru dimentsiotako Mach modelo guztiak, tartean Mach Kogame makina (beheragoko bideoan). Azkenik, joan den asteko eguenean eta barixakuan ateak irekitzeko egunak egin zituzten.