Gatzatua egiten ikasteko tailerra egingo dute hileko azken zapatuko ferian

elgoibarren.net 2014ko ots. 21a, 14:56

Hileko azken zapatuko feria egingo dute bihar, otsaileko azken zapatuan. 9:00etatik aurrera, Elgoibarko baserrietako produktuak jarriko dituzte salgai kalebarren plazan, eta eguerditik aurrera, ganadu erakusketa egingo dute Aita Agirre plazan. Hil honetan, gainera, gatzatua egiten ikasteko aukera berri bat izango da ferian; eta, txosna, berriz, Kalamua guraso elkartekoen arduran egongo da.


 Baserriarekin eta landa eremuarekin zerikusia duten ekimenak antolatzeko egitasmoaren baitan, gatzatu tailerra antolatu dute otsaileko azken zapatuko feriarako Elgoibarko Udalak eta Debemenek. Gatzatu tailerra antolatzen duten hirugarren aldia izango da. 12:30etan hasiko da eta 14:30ak arte egingo dituzte gatzatuak. Gainera, tailerrean parte hartzen duten lagunek egiten dituzten gatzatuak jan edo etxera eramateko aukera izango dute.
  11:00etatik aurrera, berriz, herriko baserri eta harategietako produktuekin eginiko pintxoak salduko dituzte Kalamua Elgoibarko Herri Eskolako ikasleen gurasoen elkarteko kideek, Kalebarren plazan egongo den txosnan.

•Egitaraua:
  • 9:00-14:00 Baserriko produktuen salmenta Kalebarren plazan.
  • 11:00etatik aurrera, Elgoibarko baserrietako eta harategietako produktuekin osatutako pintxoak Kalebarren plazan.
  • 12:00 Kale kantariak. Kalebarren plazan hasi eta Elgoibarko kaleak alaituko dituzte.
  • 12:30 -14:30 Gatzatu tailerra Kalebarren plazan.