21 enpresa sortzen lagundu du Debegesak Debabarrenean 2013an

elgoibarren.net 2014ko ots. 24a, 12:59

 
Debegesa garapen agentziak Debabarrenean 21 enpresa berri sortzen lagundu du 2013an, eta horietatik lau, Elgoibarren sortu dituzte. Industria sektorekoak direla sortu diren lau enpresa berri nabarmendu du Debegesak. Jarduera ekonomiko horiek 37 lanpostu sortu dituzte, 2012an baino lau gehiago. 2014rako aurreikuspenak onak direla aurreratu du eskualdeko garapen agentziak, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldunditik 120.000 euroko laguntza jaso baitute enpresa singularren sorrera sustatzeko.


  Eskualdean “ekintzailetza” sustatzea helburu duen Debabarrena Ekinean egitasmoaren barruan, 160 pertsona hurbildu ziren iaz Debegesara enpresa bat sortzeko aholkularitza edota informazio eske, eta kontsulta horien ondorioz, 21 enpresa berri sortzen lagundu zuen Debabarrenako garapen agentziak. Enpresa berri gehienak Eibarren sortu dira, 11, hain zuzen; Elgoibarren 4, Deban 2, eta enpresa bana Soraluzen eta Mutrikun. Azken urteetako datuei erreparatuz gero, Debabarrenean sortu diren enpresa berrien kopurua mantendu egin dela azpimarratu dute Debegesako arduradunek. 2012an esaterako, 22 enpresa berri sortu ziren Debegesaren laguntzarekin.

37 lanpostu
  2013an
sortu ziren 21 enpresa berri horiei esker, 37 lanpostu sortu dira, hein handi batean, industria arloko lau enpresa berriren sorrerari esker. Lau enpresa horien artean 11 lanpostu sortu dira. Metalaren sektorekoa da bat, eta gainerako hiru enpresak industria sektore berriei lotutakoak, hala nola, elikagaien transformazioa, ikus-entzunezko produkzioa eta informazioaren industria. Debegesako arduradunen esanetan “positiboak” dira datuok, eta jarduera industrialak enplegua sortzeko duen ahalmena agerian uzten dute. Era berean, Enplegu Planaren eraginkortasuna nabarmendu dute. “Eskualdeko Enplegu Planak ahalbidetu du industria sektoreko lau enpresa hauen sorrera, Debabarrenean proiektu singularrak bultzatzeko egindako ahaleginaren baitan”, adierazi dute.

Iraupen-tasa altua
  Debegesatik esandakoaren arabera, azken bost urteetan sortu diren enpresetatik % 80k jarraitzen dute lanean. "Iraupen-tasa altua da oso, hein handi batean, Debegesak negozio-ideien bideragarritasun analisia egiterako orduan ezartzen duen exijentzia maila altuarengatik”. Ekintzaile edo enpresa berrien sortzaileei dagokienez, 25 eta 45 urte bitartekoak ziren %70, eta gehienak lanik gabe zeuden. Generoari erreparatuta, 2013an enpresa berri bat abian jarri dutenenetatik erdiak emakumeak dira.

Trebakuntza programak

Iaz Debegesak hainbat prestakuntza-saio burutu zituen ekintzaileei eta enpresa berriei zuzenduta.

Debegesak agindu du 2014an ere enpresa berriak sortzeko lanari eutsiko diola eta, era berean, Debabarrena Ekinean egitasmoaren barruan, jarraipena emango diola ekintzaileei eta sortu berri diren enpresei zuzendutako trebakuntza programari. Hala, apirilera bitartean bost ikastaro antolatu dituzte. Otsailaren 26an izango da lehendabizikoa, fiskalitate eta forma juridikoen gaineko ikastaroa. Ikastaroa doakoa da eta Debegesan burutuko da, 15:00etatik 18:00etara. Izena emateko, interesa duten herritarrek ekintzaile@debegesa.com helbidera idatzi edo 943 82 01 10 telefonora dei dezakete. (egitaraua)

120.000 euro diru-laguntzatan enpresa singularrak sortzeko
  Iaz enpresa singularrak sortzeko ekimenak lorturiko emaitza “onak” ikusirik, 2014an Debegesak lan-lerro hau indartu egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako 120.000 euroko diru-laguntzari esker. Diru-hornidura hori enpresa singularrak sortzera bideratuko du Debegesak. Bai Industriari! ekimenarekin bat datozen proiektuak lagunduko dira bereziki, hau da, izaera industriala dutenak edo sektore honi zerbitzua eskaintzen dietenak.

Berrekin, enpresen transmisioa errazteko ekimena
  Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Sailak 2014an indartuko duen ekimenetako bat Berrekin izenekoa izango da, enpresen transmisioa erraztea helburu duena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Berrekin ekimenaren bitartez negozio baten salerosketan interesa dutenek -euren jarduera transmititzeko interesa duten enpresa txiki eta ertainak zein enpresa-jarduera bati ekin nahi dioten ekintzaileak- aholkularitza juridikoa jaso ahal izango dute dohainik, besteak beste, honako zereginetarako: negozioaren balorazio objektiboa, bideragarritasun analisia, lan-, merkataritza- eta aholkularitza fiskala, etb. Helburua da enpresen transmisioa modu ordenatu eta planifikatuan egitea, proiektuaren jarraipena eta garapena ziurtatze aldera. Informazio gehiago edota ekimenean parte hartu nahi dutenak Debegesarekin harremanetan jar daitezke ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz edo 943 820 110 telefonora deituz.