AVS Added Value Solutions enpresa elgoibartarra saritu du Gipuzkoako Bazkundeak

elgoibarren.net 2014ko mar. 24a, 19:00

 
Gipuzkoako Enpresaren Sariak banatu ditu Gipuzkoako merkataritza ganbarak. Sari nagusia, "Gipuzkoako Enpresaren Saria", Ordiziako Orkli kooperatibari eman diote. Industriako enpresa, txiki eta ertainen kategorian, berriz, Elgoibarko AVS Added Value Solutions enpresak jaso du saria.

 


 Gipuzkoako enpresei "aberastasuna eta enplegu sortzaileak" izatea aitortzen die Bazkundeak Gipuzkoako Enpresaren Sarietan. Aurten, sarien 22. edizioa izan da eta joan den barixakuan (martxoak 21) egin zuten sari banaketa ekitaldia. Mondragon Korporazioko kide bat, Orkli, saritu zuten Gipuzkoako Enpresaren Sariarekin, “lurraldearekin eta lanarekin izan duen konpromisoagatik”. Bazkundeak Orkliren gainean zera esan esan du: "Goiz nazioarteratu zelako eta eraikuntzan, bere sektorean, global playerra izateko apustua egin duelako, krisiak gehien zigortutako sektoreetako baten munduko liderretako bat izatea lortu du". Ordizian dago Orkli S. Coop.

•AVS zientziaren industrian puntako enpresa
 Beste sari batzuk ere eman zituen merkataritza ganbarak. Hala, ETE Industrial Enpresaren saria AVS Added Value Solutions S.L.U. enpresari eman diote. Elgoibarren dago, Sigma industriagunean, eta zientziaren industrian dihardu. Mundu osoan, zientzia-ikerkuntzarako instalazio handietarako eta ekipamenduetarako soluzio teknologikoak egiten ditu. Gipuzkoako Bazkundeak goi mailako teknologiako enpresa honen “teknologia abanguardia, pertsonen garapena eta nazioartekotzea” goraipatu ditu.
 Gaur egun hamabost herrialdetara saltzen ditu zuzenean bere produktuak eta bulegoak ditu Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian. Azken urteetan izan duen hazkundea esportazioetan oinarritu du, 2013an %6,5 esportatzetik %46 esportatzera pasa baitzen eta 2014an produkzioaren erdia baino gehiago esportazea aurreikusten dute.
  Hiru bazkidek sortu zuten enpresa hau 2006an. Zientziaren industriarako eta Erreminta Makinaren sektorerako ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen zituzten hasieran. Gero, 2009an,  AVSri lotutako Scintifica Internacional enpresa sortu zuten, partikulen-detektagailuak garatzeko eta saltzeko. Azken zortzi urteetan bilakaera handia izan du enpresak eta asko hazi da: 400 metro koadroko instalakuntzetan hasi ziren beharrean eta 2.500 metro koadro hartzen ditu egun enpresak. 38 langilek dihardute lanean.
  Teknologiaren garapenean, langileen prestakuntzan eta nazioartekotzean oinarritu dute hazkundea eta, besteak beste, produktu berritzaileei balio erantsia gaineratuz ireki dute bidea merkatu globalean. Gipuzkoako Bazkundearen arabera, sektorean lortu duten lidergoaren isla dira, era berean, nazioarteko lehiaketetan irabazi dituzten proiektuak. Esaterako, asteroideetako regolitoa batu eta kapsulatzeko gai den robotaren diseinua eta garapena, Holandako European Space Agency enpresarentzat. Estatu batuetako Lawrence Berkeley National Lab-entzat ere egin dute lan, energia ilunak unibertsoaren hedapenari nola eragiten dion ikertzeko balioko duen mikro robot baten diseinuan eta garapenean, hain justu ere. Aurrekoez gainera, Suitzako CERN (Fisikako Partikulen Laborategi Europarra) eta Frantzian dagoen European Synchrotron Radiation Facility-rentzat lan egin izan dute.