Bertan egindakoaren erakusleiho

elgoibarren.net 2014ko urr. 27a, 14:02

 
Hileko azken zapatuko feriaz gain, Elgoibarko artisau eta eskulan azokaren estreinako edizioa egin zuten zapatuan Elgoibarren. Hala, made in Elgoibar produktuen erakusleiho handiak izan ziren Kalebarren plaza eta Lekueder parkea. (argazki bilduma dauka)

 

 Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukeraz gain, herriko artisauen lanak ezagutu eta erosteko aukera izan zuten zapatuan kalean ibili ziren herritarrek. 17 artisauk hartu zuten parte estreinako Elgoibarko artisau eta eskulan azokan, besteak beste, bitxiak, xaboiak, aurre-historiako tresnen erreplikak, ehunak edota egurrezko lanak erakutsi zituzten. Eskulanak saltzeaz gainera, lanean jardun zuten zenbait artisauk, lana nola egiten duten jendaurrean erakutsiz.

115 kiloko euskal txerria

 Kalebarren plazan, berriz, Elgoibarko baserrietako produktuak izan ziren nagusi. Erosketak egiteaz gainera, etxera sabela ondo beteta joateko aukera izan zuten han bertaratutakoek. Txikienek talo-tailerrean hartu zuten parte eta euren eskuekin egindako taloak jateko aukera izan zuten amaieran. Txosnan, berriz, bertako baserrietako produktuekin prestatutako pintxoak saldu zituen Lagun Taldea txirrindulari taldeak. Piper berdeak eta txerrikia saldu zituzten. 115 kiloko euskal txerria erre zuten burduntzian gau osoan, eta egindako ahaleginaren fruitua jaso zuten, pintxo guztiak agortu ziren-eta.

ARGAZKIAK: