Ekitaldia goizeko 10:30ak aldera hasi zen, eta hitzaldi motz baten ostean, Danobat barrutik ezagutzeko aukera izan zuten beharginen familiek: lan gune desberdinak, makinak, jantokia... Lantegia hainbat gunetan banatu zuten ospakizun ekitaldirako, eta gune bakoitzean makina erremintaren nondik norakoak azaldu zituen kooperatibako kide batek. Eguerdi aldera luntxa eduki zuten. Bitartean, etxeko txikiek jolaserako aukera izan zuten beraientzat egokitutako txoko batean jarritako puzgarria, txirrista, zezen mekaniko eta barrekin.
Ospakizunak ez dira hemen amaitzen. Danobateko kide izan diren eta jubilaturik dauden lagunek ere lantegia barrutik ikusteko aukera izango dute-eta, abenduaren 20ra bitartean. Orain arte 200dik gora lagun etorri direla bisitan jakinarazi dute Danobatetik. “Zer gutxiago, pertsona hauek beraien harria ipini dute-eta Danobaten ametsean. Arizmendiarrieta aitak zihoen bezala, beraien xede nagusia enpresak eraldatzea da, garatzea, horrela, gizartea eraldatzeko. Ez daukate erronka makala; berak zioen bezala, mundua ez zaigu begira egoteko eman, eraldatzeko baizik. Lan aurrerakinak eskualdeko soldaten parekoak izatea, etekinak osorik kapitalizatutako itzulkin gisa bideratzea, interkooperazioa, demokrazia parte hartzailea... Azken finean, pertsona aske bezala beste era batera amestea posible zela erabaki zuten Danobat sortu zuten lagunek duela 60 urte, eta amestutakoa egi bihurtzen dihardute gaur egun ere”.