Makina-erremintaren mendeurrena herriko erakusleihotan islatu izana eskertu du Udalak

Barren.eus 2015ko urt. 17a, 13:55

2014ko apirilean hasi eta 2015eko apirila arte luzatuko dira Elgoibarko Makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak. Mendeurrenaren harira egindako ekintzen artean herriko merkatari eta tabernariek beraien lokal eta erakusleihoak makina-erremintarekin zerikusia zuten apaingarriekin dotoretu zituzten, eta horietako bost merkatari saritu ditu orain Udalak.

Mendeurrenaren baitan, Elgoibarko Udalak, merkatari eta tabernariak animatu zituen erakusleihoak makina-erremintarerkin zerikusia zuten motiboekin apaintzera, eta orain, makina-erremintaren urtemuga ondoen islatu duten bost merkatari eta tabernariri ehuna euro eman dizkie. Udal pleno aretoan egindako ekitaldian banatu zizkien Alfredo Etxeberria alkateak oroigarriak eta dirua. Errosario kalean dagoen Moma jantzi-denda, San Frantzisko kaleko Kala loradenda, Kalegoen plazan dagoen Ipintza margoak eta San Bartolome kaleko Ferpi Modak eta Muruamendiaraz gozotegia dira sarituak.
• Merkatari eta tabernarien inplikazioa
Erakusleihoak    osatzean    makina-erremintaren    sektorearen   aniztasuna erakusteko ahalegina, dekorazioan egindako esfortzua eta originaltasuna izan ditu kontuan Udalak. Aipatutakoez gain parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien alkateak, eta mendeurrena “guztiona” dela azpimarratu zuen sari banaketa ekitaldian. Izan ere, Elgoibarko historian eta gaur eguneko bizitzan ere zutabe nagusia da makina-erremintaren sektorea. Halaxe adierazi zuen Etxeberriak: "Egun bizi dugun krisi ekonomikoak eragina du industria mota honetan baina enpresek herriaren aldeko apustu garbia egin dute, horregatik ezinbestekoak dira horrelako ekintzak industria mota honi babes soziala erakusteko, sektorean Elgoibar erreferente izaten jarraitzeko".

∞Lotura duten albisteak: