Debegesak 120.000 euro bideratu ditu Debabarrenean enpresa berrien sorrera laguntzera

Barren.eus 2015ko urt. 23a, 14:09

Debegesa eskualdeko garapen agentziak jakitera eman duenez, Debarrenako 19 enpresa lagundu dituzte diruz 2014an, tartean Elgoibarko bost enpresa eta Mendaroko bat. Diru laguntza jaso duten enpresek 32 lanpostu sortu dituzte eskualdean.

Debegesa Garapen Agentziak Debabarreneko hemeretzi enpresa berriren artean diru-laguntzak banatu ditu, 120.000 euro guztira, “Debabarrena Ekinean Funtsa” programaren baitan. Enpresa horiek, jasotako diru-laguntzei esker, ia 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusten du Debegesak. Era berean, banatutako laguntzak enpresek egindako inbertsioak laguntzera zuzendu dituztela jakinarazi dute. 

Diru funts hau Gipuzkoako Foru Aldunditik dator osorik eta foru dekretu baten baitan kokatzen da, enplegua hobetze aldera proiektu estrategikoen garapena bultzatzera bideratuta dagoena. Hemeretzi enpresa hauei banatutako ditu-laguntzei esker, 32 lanpostu berri sortu dira eskualdean eta “hazkunde potentzial handia” duten sektoreak lagundu dira.

•Enpresa onuradunak 

Enpresa onuradunek lan arlo desberdinetan dihardute. Horietatik lau industria sektorean ari dira; beste lau enpresa teknologia berrien arlokoak dira; enpresa bat nekazaritza-esparrukoa da; eta gainerako enpresek, hamar guztira, jarduera ezberdinak dituzte zerbitzuen alorrean.

Herriz-herri, zortzi enpresa Eibarren daude kokatuta, bost Elgoibarren, hiru Mutrikun, eta bana Mendaron, Deban eta Soraluzen.

Enpresa berriek ondorengo ezaugarriak bete behar zituzten:

  • Jarduera berezikoa izatea: izaera industriala dutenak edo sektore honi zerbitzua eskaintzen dieten proiektuak lagundu dira bereziki, Bai Industriari! estrategian oinarritutakoak.
  • Berrikuntza maila: Debabarreneko enpresa sarean, gaur egun erantzunik ez edota irteerarik ez duten beharrei erantzuten dieten proiektuak.
  • Enpleguaren sorreran eragin zuzena: Gutxienez zuzenean 3 lanpostu sortuko dituzten proiektuak.  
  • Kudeaketa eredu parte-hartzailea: Kooperatiba ereduko proiektuak.