Merkatu plaza egokitzen ari dira aldaketetarako

Barren.eus 2015ko mar. 13a, 10:40

Merkatu plazan aldaketak egingo dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Apirilaren 9tik aurrera lehen solairuan jarriko dituzte salmenta postu guztiak, tartean baserritarrek eguenetan bigarren solairuan jartzen dituztenak. Bigarren solairua jarduera kulturalak egiteko erabiliko dute.

 Sasoi batean saltokiz beteta zeuden Elgoibarko Merkatu plazako lehen eta bigarren solairuak. Besteak beste, arraindegiak eta baserritarren salmenta postuak egoten ziren bigarren solairuan. Denborarekin, baina, asko jaitsi da saltoki kopurua. Une honetan hamasei saltoki daude lehen solairuan eta eguenetako azokan hamabi postu jartzen dituzte bigarren solairuan, gehienak baserritarrenak. Honenbestez, merkatu plazako saltokiak berrantolatu eta guztiak lehen solairuan jartzea erabaki du Udalak. Elgoibarko Udalean Tokiko Garapena eta merkataritza teknikaria den Mirian Monterok jakinarazi duenez, herriko komertzioa “indartzeko” eta “erakargarriagoa" egiteko hartu dute postuak berrantolatzeko erabakia. 

Apirilaren 9tik aurrera egongo dira postu guztiak lehen solairuan. Martxoaren 19a jai eguna dela-eta, eguaztenean, martxoaren 18an, egingo dute datorren asteko azoka, eta baserritarrek bigarren solairuan jarriko dituzte postuak. Aldiz, martxoaren 26an eta apirilaren 1ean egingo dituzten azoketan Kultur Etxe aurrean jarriko duten karpan egongo dira baserritarren postuak. 

• Kultur jarduerak bigarren solairuan

 Hutsik geratuko den bigarren solairua “jarduera kulturalak” egiteko erabiliko dute. Aita Agirre eraikinean dauden elkarte eta taldeak bertatik ateratzen ari da Udala, eraikina egoera txarrean dagoela-eta. Egur tailerra da horietako bat eta Merkatu plazako bigarren solairuan egingo diote lekua, behar bezala egokitu eta gero. 

2015 03 13 merkatuplaza2sol

2015 03 13 merkatuplaza1sol