Tratamientos Intxausti enpresako zuzendaritzak eta langileek enpresa hitzarmenerako “aurreakordioa” sinatu dutela jakinarazi du LAB sindikatuak. Langileek lortutako hobekuntzen berri ere eman du sindikatuak. Soldata igoera lortu dute, %4,5ekoa, aldi baterako laneko enpresen bitartez kontrataziorik ez egiteko enpresaren konpromisoa, lan kontuek sortutako aldi baterako ezintasun bajen osagarria %100 izatea, hobekuntzak lan osasun alorrean, eta azkenik, Gipuzkoako metaleko hitzarmenari loturiko Enpresa Hitzarmena.
LAB sindikatuak “oso positibotzat” jo du akordioa, eta nabarmendu du langileen “mobilizazio, kohesio eta egin duten presioaren” ondorioz lortu dutela Gipuzkoako metaleko hitzarmenari lotutako akordioa, “zeinak babesa emango dion lan erreformaren aurrean”.
Arriaga industriagunean dago Metalgintza sektorean diharduen Tratamientos Intxausti enpresa, eta sekula ez dute eduki lan harremanak arautzen dituen enpresa akordiorik. “Beraien lan harremanak Gipuzkoako metaleko hitzarmenak arautzen zituen soilik, zeina 2011 urtetik berritu gabe zegoen, Adegiren jarrera itxiagatik. Langileek lortu berri duten enpresa hitzarmen honekin, aurrerantzean enpresa zein herrialde mailako hitzarmenaren bidez arautuko dituzte lan harremanak”.