Pizza tailerra egingo dute zapatuko ferian

Barren.eus 2015ko api. 24a, 06:43

Asteburu bete-betea izango da datorrena Elgoibarren. Joste eguna eta Jose Gurrutxaga krosaz gainera, hileko azken zapatuko feria egingo da. Hil honetan Elgoibarko Lagun elkarteak kudeatuko du txosna. Era berean, bertako produktuekin egindako pizzak egiten ikasiko dute umeek pizza tailerrean.

Pizzak egiten ikasteko tailerra Kalebarren plazan izango da, eta 12:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute. Elgoibarko Udalak herriko ekoizleei erosiko dizkie pizzak egiteko erabiliko dituzten osagaiak eta Atxutxiamaikako hezitzaileen laguntzarekin egingo dituzte gero umeek. Egin eta jan, norberak egindako pizzak jan edo etxera eramateko aukera izango dute-eta.
Jan edanarekin jarraituz, Elgoibarko Lagun elkarteak herriko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak salduko ditu 11:00etatik aurrera. Era berean, Elgoibarko hainbat baserritarrek eta ekoizlek saltokiak jarriko dituzte Kalebarren plazan (9:00etatik 14:00etara). Horretaz gain, Kale Kantariak taldeak euskal kantu herrikoiekin girotuko du feria eguna. 12:00etan hasiko dute kalejira Kalebarren plazatik. Azkenik, hilero legez, ganadu erakusketa egingo da, eguerditik arratsaldera bitartean, Aita Agirre plazan.

2015 04 23 pizzatailerra2014 09h1