Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek jakinarazi dutenez, Debabarrenan jasotako proposamen guztiak aztertu eta batzuk alde batera utzi dira, bi baldintza nagusiak betetzen ez dituztelako: gaia Foru Aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea, hau da, herri bat baino gehiagotan garatzea. Beste batzuetan proposamenak elkartu egin dira, gai berari buruzkoak zirelako. Kontuak kontu, 52 proposameneko zerrenda jarriko da mahai gainean hautatzeko.
• Proposamenak aukeratzeko batzar irekia
Proposamen horietatik hamar aukeratzeko batzar irekia egingo da ekainaren 11an, eguenean. Batzarrean parte har dezakete Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluzeko herritarrek. Elgoibarko Kultur Etxean egingo da batzarra 18:30ean. Ondoren, Foru Aldundiari hautatutako egitasmoen zerrenda bidaliko zaio, egitasmoen bideragarritasuna aztertzeko.