Debabarreneko Enplegu Mahaiaren osoko bilera egin zuten astelehenean (martxoak 14) Debegesak Eibarren duen egoitzan. Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko presidenteak, Debabarreneko zortzi alkateek, Eusko Jaurlaritzako Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako zuzendariak, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapen Zerbitzuko buruak eta Sprilurreko zuzendariak hartu zuten parte bileran.
Debegesak, Administrazio Kontseiluak eskatuta, 2015eko azaroan jarri zuen martxan mahai hau, eskualdean langabeziaren egoerari aurre egiteko eta eragile eta erakunde ezberdinen artean konponbideak aurkitzeko, eskualdeko ekonomia eta lanpostuen sorrera sustatze aldera. Prozesuak iraun duen denboran, hainbat bilera egin dituzte enpleguaren gaia hiru ertz ezberdinetatik aztertuz: enpresa-lehiakortasuna, azpiegiturak eta formazioa.
Enplegu arloan, gure eskualdean “berehala” abian jarriko diren jardueren artean, gazteen lanpostuak sustatzea helburu duten bi ekimenen berri eman dute Enplegu Mahaian batutako arduradunek: Hazilan proiektua eta Enplegu Anezka.
•Hazilan proiektua
Asteon abiatu da Debegesan Hazilan proiektua, goi mailako ikasketak izanagatik (unibertsitate titulua edo prestakuntza zikloa) lana aurkitu ezinik dabiltzan 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta.
Lehenengo deialdian 60 lagunek eman dute izena. Hautagai guztien artean aukeraketa prozesu bat egin da, curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez, eta Debabarreneko 15 lagunek osatutako taldea sortu da. Lehen fase batean, formazioa jasoko dute euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta bigarren fase batean, enpresetan praktikak egingo dituzte edo proiekturen bat garatuko dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Deialdiak izan duen erantzun zabala kontuan izanik, dagoeneko zabalik da bigarren deialdirako izen-emate epea (irailean hasiko da). Informazio gehiago Debegesaren webgunean: debegesa.eus.
Proiektu hau bost urtera begirakoa da (2016-2020). Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.
•Debabarreneko Enplegu Anezka
Bestalde, apirilaren 7ra arte dago zabalik apirilean Debabarrenean, Debegesaren bitartez, martxan jarriko den Enplegu Anezkan parte hartzeko izena emateko. Enplegu Anezka honek 25 gazte hartuko ditu, 18 urtetik 29 urtera bitartekoak gizonen kasuan eta 34 urte artekoak emakumeen kasuan.
Ez da prestakuntza profil zehatz bat eskatzen; oinarrizko ikasketak dituzten gazteak izan daitezke, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak, unibertsitate ikasketak dituztenak... Baldintza bakarra da langabezian egotea. Ez da beharrezkoa, halaber, lan sektore jakin batean eskarmentua izatea, ezta esperientzia profesionala izatea ere.
Bost hilabetez taldekako zein banakako formazio saioak jasoko dituzte euren gaitasunak sendotzeko. Teknikari baten laguntzarekin, coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin, lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin... Azken finean, lana bilatzera bideratutako dinamikak landuko dituzte.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telefonica Fundazioak, Santa María la Real Fundazioak eta Debegesak sinatu duten hitzarmenaren ondotik dator eta Europako Gizarte Funtsak kofinantziatuko du.
Proiektuan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko. Debegesaren webgunean aurkituko dute informazioa eta izena emateko bidea: www.debegesa.eus. Informazio gehiago eskuratzeko, Debegesarekin jar daitezke harremanetan 943 82 01 10 telefonora deituz edo lanzadera@debegesa.eus helbidera idatziz.