Tratamientos Intxaustiko zuzendaritzak bitartekaritzara jotzeko proposatu die langileei

Barren.eus 2016ko mar. 18a, 12:03

Intxausti Tratamientos Superficiales, S.L. enpresako beharginek greba mugagabea hasi zuten eguaztenean, eta enpresako zuzendaritzak “hainbat kontu argitzeko” idatzia zabaldu du greba egiteko beharginek eman zituzten arrazoien harira. Besteak beste, bitartekaritza baten beharra ikusten dute, “blokeatuta” dagoen egoera askatzeko.

Tratamientos Intxaustiko zuzendaritzaren arabera, langileen planteamenduaren eta enpresaren ahalmenen arteko desberdintasunagatik dago blokeatuta 2016rako hitzarmenaren negoziazioa. Oztopo nagusia soldataren gaia dela nabarmendu du zuzendaritzak. “Izan ere, langileek, 2016 eta 2017 urte bakoitzerako, Gipuzkoako KPIa gehi % 4 eskatzen dute, hau da, bi urte horietan KPIa gehi % 8 igotzea. Igoera horri eustea ezinezkoa da enpresarentzat, epe motz-laburrera kostuen igoera jasanezina ekarriko bailiguke”, azaldu dute. 

2015 urterako adostu zen igoera %4,5ekoa izan zela azaldu du zuzendaritzak. “Kontuan izanik Gipuzkoako siderometalurgiaren hitzarmenean indarrean dauden azken taulak gainditzen dituzten soldatei ezarri zitzaiela igoera hori. Une honetan, siderometalurgiako hitzarmeneko azken taulen (2011ko taulak) % 9 gainetik dauden ordainsariak dituzte langile guztiek, eta bada % 20 gainetik dagoen langilerik ere”. 

Langileek 2016rako proposatu zuten igoeraren inguruan honakoa dio zuzendaritzak prentsari bidalitako idatziak: “Lehenik, KPIa  gehi % 6ko soldata igoera proposatu zuten langileek 2016rako. Zenbaki horiek aintzat hartuta, enpresak bere egoera azaldu zien, alegia, nahiz eta azken bi urteetan irabazi txikiak lortu, hainbeste krisi urteri aurre egiteko zama finantzarioak zirela eta, ez zela posible KPIa gehi % 6ko igoera, are gutxiago 2015ean jada % 4,5 igo eta gero. Enpresak orduan Gipuzkoako KPIa gehi % 1eko igoera proposatu zuen hurrengo urteetarako (2016, 2017 eta 2018). Gainera, ekitaldia positiboa izanez gero, irabazien ehuneko jakin bat, oraindik zehazteke dagoena langileei ematea proposatu zuen”.

Zuzendaritzaren esanetan greba mugagabea deitzea izan zen beharginen erantzuna. “Langileen Asanbladak, 13 langiletatik 9 langileren parte hartzeaz, aho batez erabaki zuen mugagabeko greba deitzea”. 

•Bitartekaritzara jotzeko proposamena

Enpresako zuzendaritzak bitartekaritza baten beharra ikusten du “blokeatuta” dagoen egoera askatzeko. “GEPen (Laneko gatazkak Ebazteko Borondatezko Prozedurei buruzko Lanbide Arteko Akordioa) aurreikusitako prozeduretara jotzea proposatzen dugu, eta, inolako arbitrajerik onartzen ez denez, bitartekaritza batera jotzea proposatzen dugu. Proposamen hori baztertu du asanbladak, bere baldintzak inposatu eta grebari mugagabeko jarraipena emanez”.