Menditxo tabernak irabazi du Mendaroko pintxo txapelketa

Barren.eus 2016ko api. 28a, 13:52

Menditxo tabernak aurkeztutako Mendibost izeneko pintxoak irabazi du, bigarren urtez jarraian, Mendaroko Pintxo Lehiaketa. Lehiaketan parte hartu zuten hamar tabernek 2.077 pintxo saldu zituzten guztien artean.

Joan zen asteburuan pintxo lehiaketa izan zen Mendaron, bosgarren urtez, eta Mendaroko Udalak gaur jakinarazi ditu irabazleak. Epaimahai teknikoak Menditxo tabernak aurkeztutako Mendibost pintxoari eman dio lehen saria (txapela, kopa eta diploma). Orain arte jokatu diren bost edizioetatik bitan irabazi du Menditxok epaimahaiaren saria eta hiru alditan lortu du Herritarren Saria. Iaz gainera, epaimahaiaren saria ez ezik herritarrena ere irabazi zuen Menditxok.

Aitz Beltz tabernak irabazi du bigarren saria Atun piperrada pintxoarekin eta Toki Alai tabernako Otarrainxka bildua pintxoari eman diote hirugarrena. Epaimahai teknikoak aurkezpena, zaporea, originaltasuna eta testura baloratu ditu eta pintxoen maila “oso handia” izan dela nabarmendu dute. 

Herritarrek ere izan dute, baina, pintxoak baloratu eta bozkatzeko aukera. Toki Alai tabernako Otarrainxka bildua pintxoak jaso du boto gehien, eta honenbestez, Herritarren Saria. 

Botoa eman zuten lagunen artean 50na euroko bi bonu zozketatuko ditu Mendaroko Udalak, taberna irabazletan gastatzeko. Naroa Zubia eta Goiatz Andonegi izan dira sarituak. 

Mendaroko V. Pintxo Lehiaketako sari banaketa ekitaldia maiatzaren 3an egingo dute udaletxean, 19:00etan.

•2.000 pintxo

Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, 2.077 pintxo saldu zituzten pintxo lehiaketan parte hartu zuten hamar tabernek, joan den apirilaren 23an eta 24an. Iaz baino bi taberna gehiagok hartu dute parte lehiaketan, eta, iaz 220 pintxo gehiago saldu dituzte guztien artean. 

mendaro pintxo lehiakea tokialai

 

Lotura duten albisteak: