Gipuzkoako Elikagaien bankuak janari bilketa antolatu du maiatzaren 27 eta 28rako. Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak bat egin du ekimenarekin. Bilketa BM supermerkatuan izango da (lehen Netto zena), 09:30etik 21:30etara.
Elgoibarren jasotako jakiak Bergarara eramango dituzte, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren egoitza batera. Zonaldean premia duten familien artean banatuko dute han jasotakoa.
Gabeziak jende askori eragiten dio. Joan den urtean Elikagai Bankuak Elgoibarko 200 bat familien artean banatu zuen janaria.
-
Boluntarioak behar dituzte
Premia horiek arintzeko aurre egiteko antolatu dute elikagai bilketa. Horretarako, baina, boluntarioak behar dituzte. Txandak egiteko ordutegiak boluntario kopuruaren arabera antolatuko ditu Gizarteratze Mahaiak.
Elgoibarren, Elikagaien Bankuari boluntario lanak egiten lagundu nahi dioten pertsonek ahalik eta azkarren eman beharko diote horren berri Elgoibarko Gurutze Gorriari (Aita Agirre plaza 3, behea). Horretarako, Gurutze Gorrira joateko, 943 743 864 telefono zenbakira deitzeko. edo elgoibar.social@cruzroja.es posta elektronikora idazteko eskatu dute. Elgoibarren Gurutze Gorriak kudeatuko du bilketa.
Adin txikikoek ere parte hartu ahal izango dute bilketan, betiere pertsona horiek balioetan hezteko helburuarekin. Era guztietara, adin txikikoek parte hartzeko, pertsona heldu baten ardurapean egon beharko dute.
Gizarteratze mahaiaren esanetan, “boluntarioen laguntza ezinbestekoa da; izan ere kanpainaren arrakasta hertsiki lotuta dago saltoki eta ordutegi guztiei aurre egin ahal izateko behar diren boluntarioen kopuruarekin. Horretaz gain, pertsonen prestutasunak kanpainaren gestioa erraztuko du”.
Gizarteratze mahaia honako erakunde eta talde hauek osatzen dute: Sartu, Lanbide, Nagusilan, Elgoibar Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkartea, Elgoibar Ikastolako Guraso Kontseilua, Arreiturre Institutuko Guraso Elkartea, Elgoibarko Caritas, Pobreziaren Kontrako Plataforma, Stop Desahucios, Elgoibarko Gurutze Gorria, eta Elgoibarko Udala.
Joan den urtean, 29.512,5 kilo janari banatu ditu Elikagai Bankuak Elgoibarren. Aurten, dagoeneko, 9.529 kilo banatu ditu.
UVESCO merkataritza taldeak Gipuzkoa Elikagai Bankuarekin hitzartu du jasotzen diren kilo kopuruen %7 gehituko diola produktutan Elikagai Bankuari.
∞Lotura duten albisteak: