Markel Olano: “4.0 Industrian eredu den enpresa da Danobat”

Barren.eus 2016ko mai. 23a, 11:44

Elgoibarko Danobat enpresa bisitatu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin batera. Diputatu nagusiak 4.0 Industriaren garrantzia azpimarratu du eta industria eredu berri horren eredutzat jarri duen Danobat enpresan zabaldu nahi izan du mezu hori. Era berean, aurreratu du Aldundiak 3.105.000 euroko aurrekontua bideratuko duela lurraldeko enpresatan fabrikazio aurreratua bultzatzeko. 

Elgoibarko Danobat enpresa 4.0 Industrian eredu den enpresa dela nabarmendu du Markel Olanok, baina programa hau Gipuzkoako enpresa guztietara zabaltzea behar beharrezkoa dela gaineratu du. “Nazioarteko aditu asko dira programa hau industriagintzako laugarren iraultza gisa hartzen dutenak; XVIII. Mende amaierako industrializazioa izan zen aurrena, XX. Mende hasierako ekoizpen industriala eta automatizazioa ondoren. Eta informazio eta komunikazio teknologiak industrian txertatzea, 4.0 Industria, alegia, izango litzateke laugarren iraultza”, azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusiak. Bere esanetan industria eredu berri hau izango da ekoizpen industrialeko produktuei benetako balio erantsia ekarriko diena, gainontzekoetatik bereiziko dituena. “Eta hau izango da, etorkizunerako industria eredua finkatzen lagunduko diguna”, azaldu du. Gipuzkoa iraultza honetarako prest dagoela adierazi du Olanok Elgoibarren. Orotara, programara 3.105.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta “datozen urteetarako enpresa estrategia finkatuko duen giltzarria izango dela” azpimarratu du. 

Asmo horretan, Gipuzkoako enpresa guztietara zabaldu nahi dute programa hau. “Gogor jardungo dugu lanean enpresa guztiak, txikiak izanagatik ere, 4.0 Industriara batu daitezen”, ziurtatu du. Eta ildo horretan, Gipuzkoan industria txiki eta ertainak duen pisua gogoratu du Olanok esanez, “lurraldeko lanpostuen erdia baino gehiago sortzen dituztela enpresa hauek”. Horregatik eta enpresa txikiengan bereziko pentsatuta, 4.0 Industria proiektuaren barruan, “Diagnosi Teknologikoaren lan ildoaren gainean arreta berezia jarri du Diputatu Nagusiak. “250.000 euroko aurrekontua duen lan ildoa da 50 langile baino gutxiago dituzten enpresei dago zuzendua. Enpresako, 5.000 euro daude aurreikusita eta enpresa bakoitzak industria eredu berri honetara egokitzeko zein behar dituen aztertzeko baliatuko dira diru laguntza hauek”, azaldu du Olanok. 

Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako Diputatuak balioa eman nahi ixan die lurraldean egun dituzgun azpiegitura bereziei eta erakusleei. Hala, Aldundiak 550.000 euro bideratuko ditu lurraldean aurreratuen dauden enpresek euren bitartekoak gainontzeko enpresekin partekatu ditzaten, enpresek makinaria hori probatu ahal izateko eta etorkizunera begira, euren premiak zeintzuk diren egokiago neurtu ahal izateko. Bestetik, aukera emango zaie lanbide heziketako ikasleei zein industriako beharginei Industria 4.0ko alorrean trebatu daitezen. Gainera, beste 1.300.000 euro iragarri ditu Aizpuruk enpresek ekipamendu aurreratua eskuratu dezaten. 

danobat elgoibar markel olano1

danobat elgoibar markel olano makina

danobat elgoibar markel olano inigoucin

danobat elgoibar markel olano bisita1