Debemenen bitartez eskatu ahal izango dira landa eremua sustatu eta garatzeko diru laguntzak

Barren.eus 2016ko eka. 1a, 16:20

Debemen Debabarreneko Landa Garapen elkarteak jakinarazi duenez, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako landa eremuak sustatu eta garatzeko laguntza ekonomikoen deialdia martxan dago. 

Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu dira landa-eremuen ekonomiaren dibertsifikaziorako eta landa-eremuak garatzeko laguntzen deialdiakdeialdiak. Eskaerak ekainaren 30a aurretik aurkeztu beharko dira. Debemeneko arduradunek adierazi dutenez, honako laguntza lerroak onartuko dira:

  • Landa-biztanleen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko azpiegiturak egiteko laguntzak.
  • Industria-lurzorua gaitzearekin eta enpresa-ekimenen bidez erabiliko diren lokalak egokitzearekin lotutako inbertsio-proiektuak egiteko laguntzak.
  • Turismoarekin lotutako kultura- eta natura-ondareko inbertsio-proiektuak eta jendeak erabiltzeko aisia-, turismo- eta informazio-azpiegituren proiektuak egiteko laguntzak.
  • Energia berriztagarriekin eta energia aurreztearekin lotutako inbertsioak abian jartzeko laguntzak.

 

•Ekonomiaren dibertsifikaziorako laguntza

Landa eremuen ekonomiaren dibertsifikaziorako eta landa eremuak garatzeko laguntzak eskatzeko epea ere zabalik dago. Laguntza horien barruan, honako jarduerak diruz lagunduko dira: 

  • Nekazaritza-sektorearekin lotuta ez dauden jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatzen dutenak.
  • Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen eraketa eta garapena. Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta/edo garatzeko edozein proiektu, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak, nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak salbuetsita, landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak.
  • Enpleguaren sorrera garbia: Besteen konturako langileak kontratatzea edo jarduera independenteak sortzea, hau da, langile autonomoak jartzea.

 

Bi deialdietako edozein gai argitu behar izanez gero, Debemeneko kideekin harremanetan jarri ahal izango dira Debabarreneko bizilagunak, 943- 744 067 telefonora deituta, edo agurtzane@debemen.eus eta amaia@debemen.eus posta elektronikoetara idatzita.