Pintxo lehiaketa Elgoibarko 25 tabernatan egingo dute, ekainaren 15etik 18ra bitartean

Barren.eus 2016ko eka. 7a, 10:36

Elgoibarko zortzigarren pintxo lehiaketa aurkeztu dute gaur, udaletxean egin duten agerraldian. Elgoibarko 25 tabernek pintxo bereziak prestatuko dituzte hilaren 15etik 18ra egingo duten pintxo lehiaketarako. Aurtengo berrikuntzen artean, pintxoen prezioa igo dutela (1,30 euro pintxo bakoitzak) eta barixakuan beharrean zapatuan amaituko dela.

pintxo lehiaketa elgoibar 8folletoaIaz baino zazpi taberna gehiagok hartuko dute parte Elgoibarko Udalak antolatzen duen Elgoibarko Pintxo Lehiaketan, 18 izan ziren iaz eta 25 aurten. Gaur ezagutarazi dituzte taberna bakoitzak lehiaketara aurkeztuko duen pintxoa.

Ekainaren 15etik 18ra dastatu ahal izango dira pintxo horiek, hau da, eguaztenetik zapatura bitartean. Aurreko urteetan barixakuan amaitzen zen lehiaketa, eta zapatuan amaituko da aurten, "tabernarien eskariei erantzunez", jakinaazi dute antolatzaileek. Aipaturiko egunetan, 19:00etatik 22:00etara dastatu ahal izango dira pintxoak honako tabernetan: Gorbea, Larre, Ametsa, Usua, Ibai-Ondo, Iturri, Mahats, Tantaka, Lagun Artea, Gabi, Urkiola, King-Kong, Landa, Karobi, Kaia, Ilunpe, Malape, Txarriduna, Mahala, Pilon, Lanbroa, Lerun, Viento Sur, Salento eta San Roke. 

Prezioan ere izan da aldaketarik. Iaz, 1,10 eta 1,20 euroan saldu zituzten pintxoak eta 1,30 euroan salduko dituzte aurten. Pintxo bakoitza nola eginda dagoen jakiteko osagaien hiztegia ere sartu dute Udalak banatuko dituen esku orrietan. 

Euskara bultzatu eta gastronomia suspertu 

Ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzea eta Elgoibarko gastronomia suspertzea dira lehiaketaren helburuak. Gainera, Udalak uste du egitasmo hau garrantzitsua dela, ostalaritzako establezimenduek beraien sukaldaritza erakusteaz gain, bezero berriak lortzeko.

•Bi sari banatuko dira: 

  1. Elgoibarko pintxo onenaren saria. Epaimahai tekniko batek aukeratuko du pintxo onena zein den. Pintxoaren itxura eta aurkezpena; zaporea eta testura, eta originaltasuna hartuko dituzte kontutan. 
  2. Herritarren saria, berriz, pintxoa dastatzen duen jendearen botoen bitartez aukeratuko da. Botoa eman ahal izateko balorazio-kupoi bat bete beharko dute herritarrek. Gainera, botoa ematen duten guztien artean, sari bat zozketatuko da. (ikus pintxo lehiaketako oinarriak)

Iaz, Tantaka jatetxeko pintxoa saritu zuen epaimahaiak eta Sigmakoa izan zen herritarren gustukoenaGuztira, 6.564 boto-txartel bete zituzten herritarrek.

∞Lotura duten albisteak:

pintxo lehiaketa2016 elgoibar aurkezpena v1