Debabarreneko eta Oarsoaldeako Enplegu Anezken arteko topaketa egin dute Eibarren

Barren.eus 2016ko uzt. 21a, 06:11

Debabarreneko eta Oarsoaldeako Anezkak apirilaren 18an hasi ziren martxan, eta taldean lan eginez lantzen ari diren enplegu bilaketa berrien inguruan esperientziak partekatzeko topaketa egin dute orain, Eibarren, Debegesaren egoitzan. Arduradunek jakinarazi dutenez, 18 parte-hartzailek lana aurkitu dute.

Debabarrena eta Oarsoaldeako Enplegu Anezkak apirilaren 18an hasi ziren martxan, Santa Maria la Real fundazioak, Telefonica fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, gazteen langabeziari aurre egiteko estrategia berri gisa. Ekimenak Debegesa eta Oarsoaldea garapen agentzien lankidetza eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantziazioa du.

Hiru hilabeteren ostean, bi anezketan parte hartzen ari diren gazteak Eibarren elkartu dira, taldean lan eginez lantzen ari diren enplegu bilaketa berrien inguruan esperientziak elkarbanatzeko. Prozesuaren baitan, lana bilatzeko tresna berriak ezagutu eta euren trebetasunak indartu dituzte, enpresen beharretara, sortzen diren lan-profil berrietara eta langileen hautaketa-proba berrietara egokitzeko.

Bilakaera esperimentatua

Topaketak balio izan du, halaber, bi taldeak burutzen ari diren jardueren hasierako balantze bat egiteko. Vanesa Hortas eta David Freire teknikari-arduradunek adierazi dute adimen emozionaleko saioak egin dituztela lan-merkatura sartzeko euren jarrera hobetze aldera; curriculuma eguneratzeko tailerrak, sare sozialen erabilera edota lan-elkarrizketen entrenamendua.

Ondoren, azaldu dute bi taldeek enpresa baten antzera funtzionatzen dutela eta departamentuka antolatzen direla. “Bakoitzak bere funtzioa dauka, baina denak daude elkarkonektatuta, parte-hartzaileek taldean lan egin dezaten modu errealean eta lan-bilaketa antolatua, koordinatua eta eraginkorragoa egiteko. Honela, enplegagarritasunaren mapa egiten ari dira, enpresak arakatuz eta bertara deituz, bisitak eta bitartelaritza prozesuak hitzartzeko”, azaldu dute teknikariek.

Lehen txertatzeak

Denbora honetan, 18 parte-hartzailek lana aurkitu dute sektore ezberdinetan: administrazioa, merkataritza, ostalaritza, produkzioa, hezkuntza edota eraikuntzan, besteak beste. “Kopurua behin-behinekoa da, hazten joango baita datozen asteetan, taldeek enpresekin duten harremana indartzen joan ahala, bitartekaritza prozesuak hitzartu ahala” esan du Santa María la Real fundazioko komunikazio arduradun Soraya de las Siasek.

•Proiektu berritzailea

Langabeziaren aurkako borrokan erakunde ezberdinen arteko lankidetza publiko-pribatua nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendari Garikoitz Agotek, “proiektu berritzaile bat abiaraziz, enplegu bilaketa metodologia ezberdin batekin lantzen duena, metodo kolektiboa, taldekakoa; printzipio sendo eta garrantzitsuetan oinarritua, hala nola, elkartasuna, komunikazioa, talde-lana, etabar.”.
Era berean, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat dela ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea. “Kasu honetan, proiektuak erakutsi du enplegua sustatzea ahalbidetuko duela langabeziak bereziki zigortu dituen bi eskualdetan, bereziki gazteen artean. Etorkizunera begira, Aldundi honek kolaboratzen jarraituko du geure gazteei enpleguaren bilaketan laguntzeko prest daudenekin”.

 

∞Lotura duten albisteak: