Erronka bitxia jarri dio bere buruari Mendaroko Tope Natxiok Giza Proba Taldeak. Behingoagatik harriak alde batera laga eta auto baten pisua, -eta grabitatearen indarra-, izango dituzte oztopo oraingoan. Renault 4L auto zahar bat tiraka eramaten ahaleginduko dira Lizarpe gaineraino. Bost kilometroko ibilbidean %10eko desnibela gainditu beharko dute, 800 kilo inguruko auto zaharrari tiraka. Azken 300 metroetan gainera, %20koa izango da aldaparen desnibela. 11:00etan hasiko da ahalegina.
Giza proba txapelketa batean parte hartzen ari zirela izan zuten erronka hau egiteko ideia. Bizkaiko talde batek Lekeitio eta Mendexa arteko ia hiru kilometroak egin nahi izan zituen auto bati tiraka, baina proba bat egin ostean, bertan behera laga zuten ahalegina egiteko asmoa, gogorregia zela-eta.Tope Natxiok taldekoek Seat 600 auto bati tiraka egin nahi zuen ahalegina, baina halako autorik topatu ez zutela-eta taldekide batena den Renault 4 L autoa izango da erronka honetako protagonistetako bat. Apostuzaleen artean interesa ere piztu du erronka honek.
Mendaron apustu eta proba bitxiak jokatu dituzte azken urteotan: aintxitxika eta aizkora saioak uztartzen zituen apustua 2010ean, hiru lagunek egin zuten Butano desafio sonatua 2013an, Inaxio Arregi azpeitiarrak eta Mendaroko giza-proba taldeak elkarren aurka jokatu zutena, Unai Salegik eta Mikel Hernandezek jokatu zuten azkena…