Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen abenduaren 19an, Donostiako Kursaal Jauregian egindako ekitaldian.
400 pertsona inguru elkartu ziren Euskararen Kalitate Ziurtagirien 9. edizio honetan (ikus ekitaldiko argazkiak). Guztira, jarduera ekonomiko desberdinetako 52 erakundek jaso dute aurten ziurtagiria; 19 entitatek urrezko Bikain, 22k tartekoa den zilarrezko ziurtagiria eta 11k oinarrizko mailari dagokiona.
Joan den abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Egunean jakinarazi zutenez, Elgoibarko Udalak Urezko Bikain ziurtagiria jaso du, eta honenbestez, urrezko Bikain lortzen duen seigarren udala da. Ane Beitia alkateak jaso zuen oroigarria eta udal langile eta ordezkari politikoz osaturiko talde baten babesa eta txaloak ere jaso zituen ekitaldian bertan. Euskara Sailak udaleko langileek egindako lana eta alkate-zinegotziek emandako babesa nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie.
• Elgoibarren Bikain ziurtagiria duten entitateak
- Elgoibarko Udalak 2016an lortu du Urrezko Bikain ziurtagiria
- IK4 Ideko enpresak 2016an jaso du Zilarrezko Bikain ziurtagiria
- Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak 2015ean lortu zuen Urrezko Bikain Ziurtagiria.
- Elgoibar Ikastolak 2011n lortu zuen Urrezko Bikain ziurtagiria
- Danobat Kooperatiba elkarteak 2008an lortu zuen Urrezko Bikain ziurtagiria
- Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak (IMH) 2008an jaso zuen lehen aldiz Zilarrezko Bikain eta 2015ean berriro ere aurkeztu zen, eta Zilarrezko Bikain sendoago lortu zuen, aurrekoa baino puntu gehiagorekin.