Amorantek kontzertua eskainiko du barixakuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2017ko urt. 26a, 14:19

Herriko Antzokiko oholtzan bakarrik eta, ohi legez, filtrorik gabe arituko da Iban Urizar musikari elgoibartarra; Amorante, izen artistikoz. Kontzerturako sarrerak 5 euroan jarriko dituzte salgai, leihatilan bertan.

Musika esperimentala eta kantu tradizionala uztartzen ditu bakarkako proiektu honetan Urizarrek, eta esperimentazioaren eta inprobisazioaren bidea lantzen ditu. Amorante gisa Elgoibarren emango duen bigarren kontzertua izango da barixakukoa (urtarrilak 27) eta aitortu du herrian aritzeak “halako tentsio puntu bat” edo “errespetua” sortzen diola, jakin badakielako publikoaren parte handi bat ezaguna izango duela, baina aldi berean, edo horrexegatik, berezia ere izango dela dio. 20:30ean hasiko da emanaldia.
• Binilozko singlea
Harrera ona izan du Amorantek bi urtean, eta publiko zabala batu du kontzertuetara, kontuan izanda Amorante bezalakoak underground eremuetan mugitu izan direla gehiago orain arte. Pozik dago lortutakoarekin, eta aurreratu du laster binilozko singlea argitaratuko duela, bi kanturekin: Brueghel zarra rumba kutsuko abestia eta Joxe Mari Iparragirreren Manuela abestiaren moldaketa. Singlea Amoranteren kontzertuetan eskuratu ahal izango da, baina digitalean ere emango ditu bi kantuok.

amorante elgoibar kartela∞Lotura duten albisteak: