Elgoibarko Udalak Aita Agirre eraikuntza birgaituko du udalerriko kultura jarduerarekin zerikusia duten hainbat erabilera jasotzeko (ikus erreportajea BARREN aldizkarian). Horretarako, 2017ko ekitaldian, 1.000.000€ inbertituko ditu; eta 2.600.000€ eta 600.000€, 2018 eta 2019an hurrenez hurren. Guztira 4,2 milioi euro erabiliko dira Aita Agirre eraikina eraberritzeko. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntzak izango ditu, baita Eusko Jaurlaritzakoa ere, besteak beste.
Ez da baina Aita Agirre izango 2017ko inbertsio bakarra. Elgoibarko Udalak 2.919.000 euro erabiliko ditu inbertsioetarako, eta hauek dira urte honetan egin asmo dituzten lanik nabarmenenak:
- Aita Agirre: 1.000.000 euro
- Juan Mugertza Kaleko obrak: 230.000 euro
- Mintxetako fútbol zelaia: 230.000 euro
- Santa Klarako komentua erosteko: 200.000 euro
- Herri Eskolako kanpo arotzeria: 140.000 euro
- Musika taldeentzako Pedro Mugurtzan entsegu lokalak sortzea: 120.000 euro
- Xixilion poligonoko aparkalekuak berritu eta berrantolatzea: 80.000 euro
- Artetxeko gizarte zerbitzuetako etxea konpontzeko: 65.000 euro
- Urazandiko argiteria aztertu eta LED sistemara aldatzeko: 60.000 euro
- Urazandiko etxebizitzetan irisgarritasuna lortzeko: 50.000 euro
- Jausoroko barandilak berritzeko: 30.000 euro
- Urazandiko haur eskolako teilatua aldatzeko: 20.000 euro
- Auzoak: 180.000 euro
- Parkeak eta lorategiak: 50.000 euro
- Proiektuak idazteko: (Aita Agirreko obra zuzendaritza, irisgarritasun plana, mugikortasun plana eta Elgoibarko etxebizitza hutsen diagnosia): 180.000 euro
- Etxebizitza hutsen alokairua sustatzeko: 50.000 euro
• Egoera finantziario "osasuntsua"
EAJk nabarmendu zuen Elgoibarko Udaleko egoera finantziarioa osasuntsua dela oso, inolako zorrik gabekoa. Azkenengo datu ekonomiko-finantziarioak kontuan hartuz, Elgoibar Gipuzkoako gainerako udalerrien batazbestekoaren gainetik dago aurrezkiari dagokionez; eta oso azpitik, zor mailari dagokionez. Honela, elgoibartarrek eskatzen dituzten proiektuak burutzen jarraitzea zilegitzen duen aurrekontu ahalmena bermatzen da.
• San Lazaro egoitza eta Udal Kirol patronatua
Udalaz gain, beste bi erakunde autonomo kudeatu izan ditu orain arte Elgoibarko Udalak: San Lazaro egoitza eta Udal Kirol patronatua. San Lazaro egoitzak bide berria hasi du Foru Aldundiaren esku, eta dagoeneko ez du Udalak kudeatuko. Udal Kirol Patronatuak, bestalde, 1.160.537 euroko aurrekontua izango du 2017an, eta horietatik 490.000 euro Udaletik jasoko ditu. Udalaren aurrekontu horretatik bideratuko diren lanik aipagarrienen artean Mintxetako futbol zelaia berritzea izango da. 230.000 euro bideratuko dira Mintxetako berdeguneko belarra berritzeko.
∞ Lotura duten albisteak:
- 14 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2016 urterako (2016-02-26)
-
Elgoibarko udal aurrekontua iaz baino %6 handiagoa izango da (2015-01-22)
- 2014ko Elgoibarko Udal aurrekontua 12,8 milioi eurokoa izango da (2013-11-29)
- Elgoibarko udalak 12.553.991 euroko aurrekontua onartu du 2013rako (2013-01-25)
- 12,7 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak 2012rako, aurrekoa baino %5 txikiagoa (2012-01-27)
- 2008an baino %1,5 txikiagoa izango da aurten Udalaren aurrekontua (2009-01-08)
- Udal talde guztien babesarekin onartu du 17 milioi euroko aurrekontua Udalak (2008-02-01)
- Iaz baino 1.341.561 euro gehiagoko aurrekontua onartu du Udalak (2007-02-08)