Gure Esku Dago taldekoek bilera irekia egingo dute martitzenean

Barren.eus 2017ko mar. 6a, 11:19

Elgoibarko Gure Esku Dago batzordeak jakinarazi duenez, eman beharreko hurrengo pausoei buruzko bilera irekia egingo dute martitzenean, hilak 7, Elgoibarko Kultur Etxean.

Elgoibarren 1.802 sinadura lortu zituen Gure Esku Dago batzordeak herri galdeketa egin ahal izateko. Orain, maiatzaren 7rako iragarri duten herri galdeketa antolatzen dihardute eta galdeketari buruzko hainbat gai landu eta argitzeko egin dutela bilera irekirako deialdia azaldu dute. “Eman asmo ditugun pausoen inguruko informazioa emango dugu bileran eta baita galdeketari begirako hainbat kontu ere: egiteko dauden lanak, galdeketa egunerako boluntarioen beharra eta antzerakoak”, zehaztu dute. Herritarren parte hartzea garrantzitsutzat jo du batzordeak, eta “elgoibartar guztiak” bilerara joatera animatu ditu. 

Bilera 19:00etan hasiko da Elgoibarko Kultur Etxean.

Maiatzaren 7an 46.500 herritarri emango die hitza Gure Esku Dagok Debabarrenean. Elgoibarren, adin eta kolore askotako 30 bat laguneko taldeak hartu zuen galdea(k) erabakitzeko ardura, eta adostu zituzten bi: Hauek dira: “Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea?” eta “Nahi al duzu euskal estatu independentea?”.

gure esku dago elgoibar bilera irekia

Lotura duten albisteak: