Maiatzaren 7ko herri galdeketan posta bidez bozkatzeko aukera izango da

Barren.eus 2017ko mar. 13a, 12:40

Elgoibarko Gure Esku Dago batzordeak jakitera eman duenez, Elgoibartik kanpo bizi edo dauden elgoibartarrek ere izango dute aukera botoa emateko, posta bidez, maiatzaren 7rako antolatu duten herri galdeketan.

Herri galdeketari buruzko informazioa, “nork eman dezakeen botoa, noiz eta non” laster hasiko direla zabaltzen aurreratu dute Elgoibarko Gure Esku Dago batzordeko kideek. Posta bidez botoa emateko aukerak, baina, lehentasuna daukala ohartarazi dute, maiatzaren 7a baino lehen Elgoibarren egon behar dutelako botoek. Hortaz, egun horretan kanpoan dauden herritarrek, posta bidez botoa eman nahi badute, honako pausoak jarraitu behar dituzte:

  1. Mezu bat bidali behar dute elgoibarged@gmail.com helbidera informazioa eskatzeko (nahikoa da esatea botoa eman nahi dutela eta informazioa bidaltzeko). Martxoaren 31a baino lehen bidali behar da mezua.
  2. Ondoren, bozka paperak eta beharreko baldintzak zehazten dituen informazio-orriak jasoko dituzte.

Maiatzaren 7an 46.500 herritarri emango die hitza Gure Esku Dagok Debabarrenean. Elgoibarren, adin eta kolore askotako 30 bat laguneko taldeak hartu zuen galdea(k) erabakitzeko ardura, eta adostu zituzten bi: Hauek dira: “Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea?” eta “Nahi al duzu euskal estatu independentea?”.

Lotura duten albisteak: