Aurreko urteetan moduan, aurten ere izen handiko hainbat lasterkarik eman dute izena Kilimon Trail lasterketan. Honako hauek nabarmendu dituzte antolatzaileek: Mikel Etxeberria, Ruben Ruzafa, Jose Mari Bernedo, Igon Mancisidor, Unai Oria, Mario Olmedo, Pere Rullan, Julen Larruzea, Ander Barrenetxea, Alfredo Gil, David Lopez Castan, Erik Moya, Sheila Aviles, Paloma Lobera, Maite Maiora, Montse Vazquez.
Mendaroko Txirrindulari Elkarteak (MTT) antolatzen du Kilimon Trail mendiko lasterketa, Lizarpe Mendi Klubaren babesarekin, eta aurtengoa zazpigarren edizioa du. Lehen bost lasterketetan Maite Maiora nagusitu zen herriko proban, baina iaz ezin izan zuen parte hartu, lesio batetik osatzen ari zela-eta. Aurten seigarren garaipena eskuratzen saiatuko da.
10:00etan abiatuko dira lasterkariak Herriko Enparantzatik eta 23 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Iaz, Walter Becerra eta Virginia Perez izan ziren irabazleak.
Duela bi urte hasitako bidetik kronoigoera bat izango da, hamazazpigarren kilometroan: Gaintxipixatik Lizarpera nork azkarrago igo neurtuko dute antolatzaileek —400 metroko igoera da, 100 metroko desnibelarekin—, eta irabazleak sari berezia jasoko du, Mendaroko produktuez osatutako otarra.