Jose Inazio Sarasua kultur sustatzaile zorrotza izan zela nabarmendu du Haritz Euskal Dantzari Taldeak dantzan.eus-en duten web orrian argitaratu duten idatzian. Haritz dantza taldeko zuzendaria izan zen 1985 eta 2000. urteen bitartean, tarte horretan Elgoibarko dantzari taldea “maila bikainera eramanez”, eta ekitaldi eta emanaldi garrantzitsuetan aurkeztuz.
Elgoibarko dantza sistema egituratu zuten, Lurdes Odriozolarekin Dantza Eskola sendoa ezarriz Inazio Bereziartua Musika Eskolaren baitan. Argia, Andra Mari eta Elai-Alai taldeekin harremanetan, talde horien eredura hazi arazi zuen Elgoibarko taldea, gaurdaino iraun duten lan-sistemak ezarriz. Argia taldearen ikuskizunetan parte hartuz eta Nazioarteko Folklore Jaialdia Elgoibarren antolatuz, besteak beste.
• Gipuzkoako Dantzak
Gipuzkoako dantzetan bereziki espezializatu zen Haritz dantzari taldea Jose Inazio Sarasuaren zuzendaritzapean. Horren ondorio da, besteak beste, Elai Alairekin egindako Gipuzkoako Dantzak webgunean Haritz taldeak, Argia eta Arkaitz taldeekin batera, hartu zuen protagonismoa. Dantzari taldeak herriarekin zituen funtzioak mailarik altuenarekin betetzeko asmoz, San Bartolome eguneko soka-dantza edo Errosarioko Ezpata-dantza ahalik eta distiratsuenak plazaratzeko lan egin zuen.
Elgoibarko txistulari bandako zuzendaria izan da luzaroan Jose Inazio Sarasua, eta igandetako dianekin hasi eta txistularien funtzio koreografiko eta protokolarioetara, hainbeste miresten zituen Ansolatarren dinastiaren dotoreziarekin jardun arazten zuen taldea. Euskal Herriko Txistulari elkarteko idazkaria ere izan zen.
• Kultura sustatzailea
Elgoibar Dantzan liburuaren koordinatzaile eta egileetakoa izan da. Bere anaia Jesus Mari Sarasuarekin batera hainbat kultur jarduera antolatzeko gaitasun bikaina erakutsi du Jose Inazio Sarasuak. Esaterako, Gelatxo soinujole elgoibartarren familiaren omenezko ekitaldiak eta argitalpenak antolatu zituzten Euskal Herriko Tritikitxa Elkartearekin batera.
Dantza programazioa sustapen lan handia egin zuen 90eko hamarkadan, Elgoibarren besteak beste Traspasos, Blanca Carrasca, Damian Muñoz edo Josu Mujika-ren lanen emanaldiak mimoz programatuz; Haritz dantzari taldearen 25. urteurreneko ekitaldi sorta bikaina prestatu zuten 1998. urtean.
• Dantzari hasi, txistulari segi
1956ko uztailean jaio zen Jose Inazio Sarasua. Ume zela hasi zen dantzan, Elgoibarko Izarran, eta ordukoak dira bere lehen oroitzapenak musika eta dantzarekin, eta baita lehen argazkiak ere. Adibidez, ondoko irudi hau, 1965koa. Ezkerrean Jose Inazio Sarasua ageri da, erdian Aitor Argarate, eta eskuman, orain gutxi zendu berri den Hasier Etxeberria. "Bi kultur gizon, bi elgoibartar, belaunaldi berekoak eta egun gutxiren buruan biak joan zaizkigu".
- Elgoibarko Haritz dantzari taldearen web gunean Jose Inazio Sarasuaren inguruko sarrera irakur dezakezue.
- Jose Inazio sarasuari elkarrizketa BARREN aldizkarian (2000. urteko iraila)