Martxan da enpresa industrialen ideia lehiaketa, laugarrengoz

Barren.eus 2017ko mai. 2a, 13:35

Tkgune Fabrikazioa gazteentzako enpresa industrialen ideia lehiaketaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur, IMHko Asmaola eraikinean. Izaera industrialeko lehiaketa honetan bi sari banatuko dituzte: Enpresa industrial ideia onenari eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari. Ekainaren 13an bukatuko da proposamenak aurkezteko epea.

TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziazko Sarea osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, tartean IMHk, TKgune Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketa antolatu dute, laugarren urtez, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

• Dirua, prestakuntza orduak eta aholkularitza

Aurreko edizioetan moduan, 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Aurtengoan ere, bi sari aurreikusi dira lehiaketan:

  1. Enpresa Industrial Onenaren sarituak 2.500 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...).
  2. Bigarren saria, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari emango zaionak, 2.000 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 50 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 100 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko.

Sariak ez dira metagarriak izango eta ideia sarituen proiektuak abiatu eta 18 hilabeteren epean egin beharko dira. Sariak udazkenean banatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek IMHko Asmaola eraikinean eskaini duten prentsaurreko agerraldian. Ekainaren 13rako aurkeztu behar dira ideiak lehiaketara. (ikus hemen lehiaketaren oinarriak)

• Orain arteko irabazleak
Ekintzailetasun industriala sustatzeko eta etorkizuneko erronkak era arrakastatsuan lantzen lagunduko duen eremua sortzeko antolatu zuten lehiaketa hau orain lau urte. Iaz, Mikel Diez La Salle errenteriarrak eta Krystof Kwiatkowski poloniarrak aurkeztutako eOntzia proiektuak irabazi zuen lehiaketaren hirugarren edizioa. Hondakinak kudeatzeko sistema inteligente bat aurkeztu zuten. Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia IMHn. Egileek azaldu zutenez, zaborrontzietan jarriko luketen gailu edo sentsore baten bidez zaborrak biltzeko sistema eraginkorragoa izango litzateke. IMHko arduradunek jakinarazi dutenez, iazko irabazleak oraindik ez dira hasi garatzen ideia hori. Aldiz, orain bi urteko edizioa irabazi zuen Mikel Zubieta etxalartarra buru belarri dabil bere ideia gauzatzeko ahaleginean, IMHrekin elkarlanean. Bizikleten platerak aldatzeko sistema hobetu lezakeen proiektua aurkeztu zuen Zubietak. Ideia lehiaketaren lehen edizioa Asier Lizarralde elgoibartarrak irabazi zuen, zuhaitzak inausteko makina automatiko aurreratu bat egiteko ideia lehiaketarekin. IMHko Roberto Altzerrekaren berbetan, poliki, baina aurrera doa ideia gauzatzeko prozesua. Urruneko aginduan dihardute lanean orain. Lizarralde lanean ari dela eta, proiektuari nahi baino denbora gutxiago eskaini ahal diola da arazo nagusia, Altzerrekak azaldu duenez.

Hona hemen lehiaketa iragartzeko egin duten bideoa:

 Lotura duten albisteak: