Debabarreneko hirugarren orientazio raida zapatuan, Elgoibarren

Barren.eus 2017ko mai. 4a, 21:35

Morkaiko mendi taldeak antolatuta, Debabarreneko hirugarren orientazio raida jokatuko dute zapatuan, hilaren 6an. Familian egiteko raida ere antolatu dute estreinakoz. 118 partaidek eman dute izena lehenengoan eta 85ek bigarrengoan.

Debabarrenako Raid probaren lehen bi edizioak irailean antolatu zituen Morkaiko mendi taldeak. Hirugarrena, baina, maiatzaren 6rako antolatu dute. Izan ere, Abenturetako Raiden Iparraldeko Ligako (LINRA gazteleraz) estreinako proba izango da Elgoibarkoa.

Bigarren berrikuntza nagusia, guraso eta seme-alabek parte hartu ahal izango dutela da, horretarako sortu duten “Familiar” izeneko modalitatean. Bi ordu inguruko proba izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Herri barruan eta inguruko baserrietatik egingo da, eta oinez edo korrika txikian egiteko modukoa izango da, eta puntuak eskuratzeko hainbat joko tartekatuko dituztela ibilbidean. Orientaziorako gaitasun apalekin ere egiteko moduko proba izango dela azaldu dute, eta familiak animatu dituzte parte hartzera.
Nagusientzako raidari dagokionez, mendi bizikletan egin beharreko bi zati, trekking bat eta herri barruan jokatuko den orientazio proba bat izango ditu aurtengo probak. Horrez gain, hiru proba berezi gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek: Lokotx biltzea eta memorian oinarritutako orientazio proba; boulder eskalada eta norabidean oinarritutako orientazio proba. 10:00etan hasiko da, Kalegoen plazan, eta 17:00etan bukatuko da.

• 118 partaide

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 118 lagunek eman dute izena aurtengo raidean, 18 emakumek eta 100 gizonek. Debabarreneko partaideak 17 izango dira. Euskal Herritik kanpoko lehiakideek ere parte hartuko dute, Galicia, Asturias, Madril edo Zamoratik etorritakoak, besteak beste. Familia raidean 85 lagunek eman dute izena, 43 umek ta 33 nagusik. 25 talde osatuko dituzte.

2016ko Debabarreneko Orientazio Raidean 42 bikotek parte hartu zuten eta Aaron Garmendia laudiotarra eta Arteako Gaizka Agirre gailendu ziren. Iñigo Lariz eta Jon Irazabal elgoibartarrek osatutako LRT taldea sailkatu zen bigarren postuan.
Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko: debabarrenaraid.wordpress.com.
∞ Lotura duten albisteak:

 raid debabarrena elgoibar 2016 julen ansola 1

 raid debabarrena elgoibar 2016 julen ansola 2