Debegesa, Oarsoaldea, eta Goieki Garapen Agentziek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, GIS - Geografia-informazioko sistema - teknologian oinarritutako tresna berria garatu dute, eskualde hauetan kokatuta dauden enpresei buruzko informazio eguneratua bilatzeko eta eskuratzeko aukera ematen duena. Era berean, Debegesak jakinarazi duenez, enpresek aukera dute bertan azaldu edota informazioa eguneratzeko "modu erraz, azkar eta erosoan".
• Software libreko aplikazioak
Tresna honek software libreko aplikazioak erabiltzen ditu eta orain artean erabiltzen zen mapa birtualaren funtzionalitateak nabarmen hobetzen dituela zehaztu dute sustatzaileek. "Informazioa modu erraz eta azkarrean kudeatzea eta aldatzea ahalbidetzen du, une oro eguneratuta egon dadin, eta intuitiboa eta erabiltzeko erraza da. Honenbestez, datu-base sendo, aberats eta zabala da enpresen mapa berria, erabat bisuala. Eskualdea aukera daiteke, herria, industrialdea eta, azkenik, informazioa eskuratu nahi dugun enpresa, sinpleki sagua maparen gainean jarriz".
Gertuko enpresa askoren gaineko informazioa begiratu eta eskuratzeko tresna erabilgarria izateaz gainera, enpresentzat ere tresna eraginkorra dela azaldu du Debegesak, euren instalazioak, produktuak, promozioak, eskaintzak, katalogoak edota zerbitzuak une oro eguneratuta aurkez ditzaten.
- Enpresen mapa birtual berria herritarren eskura dago interneten, www.enpresagida.eus webgunean; baita Debegesa, Oarsoaldea eta Goieki garapen agentzien webguneetan ere. Web aplikazioa APP formatuan ere eskuragarri dago Android Sistementzat.
• Izena emateko edota zalantzak argitzeko
Mapa birtualean agertzea nahi duten enpresek edota enpresari buruzko datuak eguneratu nahi dituztenek, euren eskualdeko Garapen Agentziarekin jar daitezke harremanetan. Bertan azaltzeak ez du inolako kosturik enpresarentzat. (Debegesa: 943 820 110 / debegesa@enpresagida.eus)