Traktore berria erosi du Debemenek baserri bideak eta landa ingurunea garbitzeko

Barren.eus 2017ko eka. 14a, 18:17

Debabarreneko sei herriri emango dio zerbitzua Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako Elkarteak erosi duen traktore berriak.

Debemen osatzen duten sei udalerrietako baserri bideak eta landa ingurunea garbituko ditu traktoreak, tartean Elgoibarkoak eta Mendarokoak.
Debabarreneko Udalek eskualdeko landa guneetako bideen mantenua egin eta bide bazterrak garbitzeko zerbitzua martxan jarri zuten 2.000. urtean. Lanok egiteko John Dere etxeko traktorea erosi zuten, bide bazterrak garbitzeko pala eta mendia sastrakaz garbitzeko besoarekin batera. Azpiegituren mantenu lanetan bost lagun aritzen direla azaldu dute Debemenetik, besteak beste, belar eta sasiak mozten, arketak eta arekak garbitzen eta eraikitzen, errepideetara jausitako luizi txikiak erretiratzen, bideetako pitzadurak konpontzen, e.a.

• 17 urte traktore zaharrak
Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba-Itziar eta Mutrikuko bide garbiketetan orain arte jardun duen traktoreak ia 15.000 ordu egingo zituela lanean kalkulatzen dute Debemeneko arduradunek. Hori dela-eta, 17 urte eta gero, traktore berria erosi dute, eta hasia da lanean, mendia sasiz eta sastrakaz garbitzen, hain zuzen ere.

Traktoreak landa guneko bideetako arekak garbitzen ditu azaro-abendutik maiatzera bitartean. Bideetako kutxatilak eta hauetan dauden hodiak ere garbitzen dituzte. Maiatzetik udazkenera bitartean, aldiz, bide baztarretako sastrakak garbitzen dituzte traktorearen laguntzaz. Bi txandatan aritzen dira lanotan. Elgoibarren, hain justu ere, gaur, hilak 14, aritu dira bide bazterretako sastrakak garbitzen. Mendaron ekainaren 1ean aritu ziren.