Aritz Iriondori elkartasuna adierazteko ekitaldia egin dute erasotua izan zen lekuan

Barren.eus 2017ko eka. 20a, 21:37

Bailarako Futbol 7 Txapelketan epaile lanetan ari zenean aurpegian emandako ostikada baten ondorioz konorterik gabe laga zuten Aritz Iriondo elgoibartarrari elkartasuna adierazi, eta, horrelako erasoak gaitzesteko ekitaldia egin dute Eibarko Unbe futbol zelaian.

Iriondok jasandako erasoaren ostean, aurtengo Bailarako Futbol 7 Txapelketa bertan behera lagatzea erabaki zuten antolatzaile eta partaideek. Gaurko ekitaldian txapelketan parte hartzen ziharduten talde guztiek parte hartu dute, Aritz Iriondo epaileari babesa eman eta berak jasandakoa moduko erasoek kirolean ez dutela lekurik salatzeko.

Torneoa antolatzen duten Elgoibarko eta Eibarko Udal Kirol Patronatuetako ordezkariek erasoa gaitzetsi dute, "gertatutakoak arriskuan jartzen duelako torneoaren jarraipena, jakinda, gainera, bere helburuetako bat kirolean kidetasuna eta errespetua sustatzea dela“, adierazi dute.
Antolatzaile eta parte hartzaileez gainera, Elgoibarko Udaleko ordezkari Gorka Garaizabalek eta C.D. Elgoibarreko presidente Antton Iranzok ere parte hartu dute ekitaldian. Baita S.D. Eibarko zuzendaritzako kide Leire Barriusok ere. Azken honek Eibarko futbol taldearen kamiseta bat oparitu dio Aritz Iriondori. C.D. Elgoibarreko jubenil taldeko jokalaria den Iriondok eskerrak eman dizkie ekitaldian parte hartu duten lagun guztiei, eta erasoaren ostean babesa erakutsi dioten guztiei. Berak jasandakoa moduko erasoek kirolean ez dutela lekurik esan du eta horrelakoak ezin direla onartu. Epaile lanetan jarraitzeko asmoa duela gaineratu du, gogoko duelako eta hala segi izan behar duela pentsatzen duelako.

Ekitaldiaren ostean lagunarteko partida bat jokatu dute Unben.

Lotura duten albisteak: